SADEk mendeurrena ospatzeko jarduerak aurkeztu ditu
100 urte bete ditu Donostiako enpresak, eta ekainean lau topaketa antolatu dituzte Principe zinema aretoetan.

“SADEk ehun urteko historia konpartitu nahi du Donostiarekin, kulturarekin, pentsamendu kritikoarekin eta zinema zaleekin duen konpromisoa berretsiz”, adierazi du Donostiako enpresak. Urteurreneko ospakizunen baitan, hain zuzen ere, Mendeurreneko elkarrizketak egitasmoa egingo dute ekainean, “zinemak gizarte eztabaidaren eta hausnarketa kolektiboaren sortzaile gisa duen botereaz baliatzen den herritarrei irekita dagoena”.
Lau astez jarraian, Principe zinema aretoetan lau topaketa egingo dituzte, lau film hauen inguruan: Matrix, Pulp Fiction, Ghost eta Arde Mississippi. “Izenburu bakoitzak sortzen dituen gaien inguruko solasaldi irekiak izango dira”, azaldu dute. Proiekzio guztiak 17:00etan izango dira. Ondoren, hainbat arlotako ahotsek parte hartuko dute, film bakoitzari lotutako interes sozialeko gaiei buruz hitz egiteko. Mahai-inguruak, berriz, 19:30 inguruan hasiko dira.
Ekainaren 5ean, The Matrix eskainiko dute —jatorrizko bertsioa gaztelaniara azpititulatuta—, eta Futuro distópico solasaldia egingo dute Jose Antonio Lozanorekin (EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren Saileko katedraduna, BCAMeko zuzendaria), Jose Antonio Vergararekin (Filosofian eta Psikoanalisian doktorea) eta Ilargi Gardeazabalekin (Lakabeko espazio komunitario alternatiboaren kidea). Ekainaren 9an, Pulp fiction proiektatuko dute —jatorrizko bertsioa gaztelaniara azpititulatuta—, eta Zinema, morala eta pop kultura mahai-ingurua egingo dute Begoña del Tesorekin (zinema kritikaria) eta Harkaitz Canorekin (idazlea).
Ekainaren 19an, Ghost filma eskainiko dute, eta Amor, duelo y lo invisible solasaldia egingo dute Mikel Lizarralderekin (mediuma), Nere Erkiagarekin (heriotzarekin lotutako gaien dibulgatzailea) eta Iñaki Peñarekin (Debagoieneko Ospitaleko zainketa aringarrietako medikua). Azkenik, ekainaren 26an, Arde Mississippi proiektatuko dute —jatorrizko bertsioa gaztelaniara azpititulatuta—, eta segidan Racismo, migración, justicia y memoria mahai-ingurua egingo dute Mikel Mazkiaranekin (abokatua eta SOS Arrazakeriako kidea), Andoni de Carlosekin (‘Faisaien irla’ filmaren gidoilaria) eta Djamila Zereibyrekin (migratzailea eta IMMEren sortzailea).
“Elkarrizketa hauen bidez, SADEk gaurkotasuneko gaiak jorratu nahi ditu, eta adimen artifizialaren aurrerapenari, zinemako moralari, heriotzari eta arrazakeriari buruzko eztabaida sozialari buruzko galderak mahai gainean jarri”, nabarmendu dute.
‘Zinemaren Klasikoak’
Aipaturiko topaketekin batera, SADEk Zinemaren Klasikoak zikloa antolatu du. Ekainean eta Principe zinema aretoetan ere, lau astez film ezagunen emanaldiak egingo dituzte. Zehazki, “familiartean gozatzeko klasikoak, arrakasta handiak eta film zinemazaleenak berraurkitzera gonbidatzen duten zazpi film gehiago”. Horiek dira E.T. El extraterrestre, El hombre elefante, Harry Potter y la piedra filosofal, Viridiana, Ben-Hur, La princesa prometida eta Toro Salvaje.
Emanaldi guztiek 3 euroko prezio berezia izango dute, eta sarrerak salgai daude SADEren webgunean. Film bakoitzaren emanaldiaren egunean ere Principe zinema aretoetan eskuratu ahal izango dira.