Agustindarren eraikinaren egungo egoerarekin «oso kezkatuta» dago udala

Martuteneko Barkaiztegi auzuneko “segurtasun arazoekin” kezkatuta agertu da Eneko Goia alkatea. Izan diren azken istiluen eta atxiloketen harira, Agustindarren eraikinaren egoera “desblokeatzeko” ahalegin egiten ari direla aitortu du.
“Etengabe aritu gara eraikinaren jabeari erantzun bat emateko eskatzen. Eusko Jaurlaritza zen jabea, eta irtenbide bat topatu genuen. Ortzadar fundazioa da orain eraikinaren jabea, eta hezkuntza proiektu oso interesgarri bat dauka han garatzeko”, azaldu du Goiak. Auzibidera jo zuen Ortzadar fundazioak eraikina hustu dezaten eskatzeko. Ordea, epaiaren zain jarraitzen dute, eta egoera “blokeatuta” dagoela esan du alkateak.
Egungo egoerak “denboran luzatzea” kezkagarria dela gaineratu du Goiak: “Garatu nahi duten proiektua atzeratzen ari da, eta segurtasun arazo gehiago sortzen ari dira. Erantzun azkar bat ematea gustatuko litzaiguke, baina ez dago gure esku”.