Elkarretaratzea egingo dute ostegunean Intxaurrondon, Uliako eraso matxista salatzeko

Ekialde Mugimendu Feministak antolatuta, elkarretaratzea egingo dute ostegunean (hilak 29) Intxaurrondoko Sagastieder plazan, joan den astean auzoko emakume batek Ulian jasan zuen eraso matxista salatzeko. 19:00etan elkartuko dira plaza horretan.
Izan ere, Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen lehengo asteartean (hilak 20), astelehenetik astearterako gauean adin txikiko emakume baten aurkako sexu erasoa egitea leporatuta, eta beste bi gizon ikertu zituzten. Uliako aparkaleku batean gertatu zen sexu erasoa. Bi gizonetako bat kartzelan sartu zuten hurrengo egunean, asteazkenean, epailearen aurrean deklaratu ondoren. Fiskaltzak eskatuta eta Ertzaintzak ikertutako gertakarien larritasuna egiaztatuta, kasuaren instrukzioaz arduratzen den magistratuak bi atxilotuetako bat behin-behinean espetxeratzeko agindua ematea erabaki zuen. Beste atxilotua aske geratu zen.
Adingabea Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapekoa da, eta aldundiak honakoa jakinarazi zuen erasoaren berri izan ostean: “Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik jarri du salaketa, eta beharrezko jarduketa neurri guztiak hartu ditu, adingabearen babesa, zaintza eta jarraipen osoa bermatzeko, hori baita erakunde publikoaren lehentasuna”, gehitu zuen. Era berean, Donostiako Udalak ere bat egin zuen aldundiak eraso honen harira egindako gaitzespenarekin.