Finaleko lehen kolpea eman nahi du Bera Berak
Ligako titulurako finalaren lehen partida jokatuko dute gaur Elxen kontra, Gaska kiroldegian (20:30).

Emakumezkoen ohorezko mailak sistema aldatu zuenetik, ezustekoak ohiko bihurtu dira. Horrela, fase erregularreko hirugarren eta seigarren talde sailkatuek jokatuko dute titulurako final erabakigarria. Hau da, Bera Berak eta Elxek, hurrenez hurren.
Lehen partida gaur iluntzean jokatuko dute Gaska kiroldegian, etxean hasteko abantaila izango duelako talde donostiarrak. 20:30etik aurrera, berriz, indarrak berdinduko dira. Elxek maila oso ona emanda lortu zuen finalerako txartela —Porriño eta Atletico Guardes kanporatuta—, eta Bera Berak zeraman bolada ona berretsi baino ez zuen egin —Malagari espero baino errazago irabazita—.
Gaurtik aurrerakoa, ordea, beste kontu bat izango da. Lehen kolpea ematen duenak izango du benetako abantaila. Noski, Bera Berak nahi izan aurrena. Aldiz, larunbatean jokatuko da finaleko bigarren neurketa, Elxen. Hirugarren bat beharko balitz —liga irabazteko hirutik bi irabazi behar direlako—, ekainaren 5ean jokatuko litzateke Gaskan.
Beraz, soilik irabazteak balio du, gol bateko aldearekin bada ere. Ez dago joanekorik eta itzulerakorik. Abantaila hori bi taldeek izango dute, baina donostiarrek aipaturiko beste bat dute, etxekoen babesa.