Mikel Odriozolak ez du Gipuzkoa Basketen jarraituko
Entrenatzaile donostiarrak beste urtebeterako kontratua zuen arren, kluba uztea erabaki du.

ACB ligara igotzeko kanporaketen atarian hitz egin zuen hedabide honek Mikel Odriozolarekin. Gaur arte Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea izan den donostiarrak ilusio berezia zuen kanporaketetako erronkari heltzeko. Ordea, Estudiantes talde indartsuak galarazi zuen taldearen ibilbidea —0-3 galdu zuten final-laurdenetan–.
Denboraldia bukatuta, Odriozolak berak klubari jakinarazi dio ez duela jarraituko. Beste urtebeterako kontratua zuen arren, kluba uztea erabaki du.
Gipuzkoa Basketek donostiarraren borondatea “errespetatzen eta onartzen” duela adierazi du. Era berean, azken bi denboraldiotan egindako lana, konpromisoa eta profesionaltasuna eskertu diote.