Guardetxearen aldeko osoko bilkurako protestan gazte bat atxilotu du Udaltzaingoak
Tentsio uneak bizi ahal izan dira gaur eguerdian Donostiako Udaletxeko udal batzar aretoan.

Donostiako Udalak Parte Zaharreko Guardetxea husteko salaketa aurkeztu ondoren, auzoko gazteak maiatzeko osoko bilkurara joan dira protesta egitera. Saioak aurrera egin ahala isilik eta eserita egon diren arren, hiru bat mozio eztabaidatu ondoren, bi gazte altxatu dira udal batzar aretoan Guardetxearen aldeko aldarriak egitera.
Une horretan, areto nagusian zeuden udaltzainak haiengana joan dira, eta kanporatzeko heltzen ahalegindu dira. Horrek liskarra eta borroka sortu du udaltzainen eta gazteen artean, eta hainbat osoko bilkura aretotik kanporatu dituzte arrastaka. Giroa gehiago okertu da udal batzar aretora igotzeko eskaileretan, borroka gehiago sortu direlako. Azkenik, udaletxetik kanporatu, eta Ertzaintzaren laguntzarekin batera, sarbidea galarazi diete.
Guardetxearen aldeko protestan parte hartu duten gazteen arabera, haien kideetako bat atxilotu eta hiru identifikatu dituzte. Gainera, gazteetako bati sakelakoa kendu diote udaltzainek. Udaleko iturriek, berriz, bost pertsona inputatu dituztela jakinarazi du, eta lau udaltzainek min hartu dutela.
EH Bilduren adierazpena
Gaur eguerdian gertaturikoaren harira, EH Bilduk ohar bat plazaratu du. “Lehenik eta behin, aipatu erakunde publikoei eta beren jarduerari zor zaien errespetua, bai eta erakunde horiek osatzen dituzten ordezkari guztiei eta osoko bilkuren aretora joaten direnei ere”, nabarmendu dute.
Horrekin batera, udal taldea “harritu” egin da udal gobernuak protestak kudeatzeko orduan izan duen jokabidearekin: “Funtsezkoa da osoko bilkuraren ardura gorena duenak lasaitasunez, herritarrekiko errespetuz eta nahi ez diren egoerak saihesteko bitartekari lanak eginez jardutea. Era berean, harritu gaitu Udaltzaingoaren erantzun irmo eta berehalakoak, alkateak aldez aurretik ohartarazi gabe. Gure ustez, ekidin zitekeen erantzuna”.