Guztiontzako plaza aldarrikatu dute, arrazakeriarik gabeko auzoan
Guztiontzako Egiak, Txokoberri jubilatuen elkarteak eta Bizipozak antolatuta, hainbat jolasekin hartu dute Blas de Otero plaza. Eta Porrotx eta Zapotxin pailazoekin, noski.

Gauzarik sinpleenak ezohiko ari dira bilakatzen gaur egun. Plazak jolasteko erabiltzea erresistentzia ariketa bat bihurtzen da. Are gehiago, jatorri, adin eta kondizio ezberdinetako herritarrak batu, eta jolasak erabiltzea elkarbizitza sustatzeko eta diskurtso kriminalizatzaileei buelta emateko denean. Orduan, badirudi, erresistentziaz harago, auzo berri baterako oinarriak jartzen direla.
Guztiontzako Egia auzotar sareak hilabetean behin hartzen du Blas de Otero plaza, kale egoeran dauden gazte migratzaileekin jolastu eta gainontzeko auzokideekin zubiak eraikitzeko. Mesfidantzak gainditu eta elkar ezagutza sustatzetik, elkarlaguntza eta elkarren arteko zaintza sustatzea da helburua. Eta, gutxika, lortzen ari direla dirudi.
“Guztiontzako Plaza” zioen pankarta jarri zuten, eta, azpian, honako leloa: “Segurtasuna da elkar zaintzea eta bizitza duinak eraikitzea”. Izan ere, segurtasunaren inguruko diskurtso “arriskutsuen” aurrean, etxebizitza duina eta gizarte zerbitzuen indartzea aldarrikatzen dute, eta irtenbide polizialak kritikatu.
Hain zuzen, plaza horretan izan dira Polizia indarkeriaren hamaika adibide. Joan den hilabeteko ekimenean, adibidez, bertako kideak identifikatu zituen Udaltzaingoak. Oraingo honetan, udaltzainek baimena begiratu, bozgorailuari argazki bat atera, eta joan egin dira. Azken hilabeteotan kasik lehenengo aldiz ikusi da Blas de Otero plaza Poliziarik gabe.
Jubilatuak, migratzaileak eta haurrak
Argazkia ezohikoa zen. Mahai batzuk jarrita, Txoko Berriko jubilatuak txintxonera jolasten, haurrak pinturekin margotzen eta gazte migratzaileak ikasi berri duten karta jokoan ibili ziren. Gehiegi nahastu gabe, baina elkarren ondoan. Noiz utzi zioten Donostiako plazek kartetan edo xakean jolasteko leku aproposa izateari?
Haurrek bazuten bertan egoteko beste arrazoi on bat: Porrotx eta Zapotxin pailazoen etorrera. Bizipoza egitasmoari itxiera emateko ekitaldia prestatu zuten, eta ikuskizun labur baten ostean, auzoko eragileei omenaldi txikia egin zieten: Haurgune, Azoka Txikia, Antxeta Ttan Ttakun, Egia Zeinuka, Egialai, Kaleko Afari Solidarioak, Gordegia, Guztiontzako Egia, IRUTXULOKO HITZA eta beste.
Omenaldiaren ordua heldu zenerako, guraso askok eramanak zituzten haurrak (pailazokeriak bai, baina gauza serioegirik ez), baina berdin egin zuten hitzartzea Guztiontzako Egiakoek, “Guztiontzako Plaza” aldarrikatuz, Porrotxekin batera: “Arrazakeriaren gainetik, guztion auzoa guztiontzat!”.



















