Sergio Franciscoren eta Erik Bretosen aroa abiatu da

Aldaketak aldaketa, Realeko gizonezkoen taldearen etorkizun hurbila gidatuko duten bi pertsonen aurkezpena egin dute gaur arratsaldean, Anoetan. Sergio Francisco entrenatzailea eta Erik Bretos kirol zuzendaria dira bi horiek, eta Jokin Aperribai presidentearekin batera agertu dira komunikabideen aurrean.
“Erikek eta Sergiok transmititzen duten ilusioa Realaren adierazpen nagusia da. Erronka honetarako erabat gaituta daude”, nabarmendu du Aperribaik. “Energia asko sentitzen dut. Erronkari aurre egiteko gai naiz. Zerbait ona osatzeko aukera dugu”, adierazi du Franciscok. “Egun berezia da. Reala nire bizitzako kluba da. Nire ilusioa transmititu nahi dut. Gauza handiak lor ditzakegu”, gaineratu du Bretosek.
Realak uztailaren 7an hasiko du 2025-2026ko denboraldiaurrea. Oporraldia bukatuta, Franciscoren aginduetara jarriko dira jokalariak, eta Zubietako instalazioetan hasiko dira entrenatzen.
Bestalde, klubak entrenatzailearen lantaldearen berri eman du. Laguntzaile koordinatzailea Iosu Rivas izango da, egungo bigarren taldeko entrenatzailea —Franciscoren lekua hartu zuen duela gutxi—. Gainerakoan, hauek izango dira laguntzaileak: Xabier Ruiz de Ocenda (garapen indibidualeko laguntzailea), Jose Rodriguez (geldikako jokaldietako laguntzailea), David Casamichana (prestatzaile fisikoa), Jon Aleman (atezainen entrenatzailea), Hector Ibañez (aurkariaren taldeko analista), Imanol Ibarrondo (coach), Xabi Valencia (medikua), Natalia Ibañez (nutrizionista) eta Gorka Larrea (jokalarien arreta).