Festetan murgiltzeko atzera kontaketan sartu dira larratxoarrak
Betikoari eutsiz eta berritasunak barneratuz, bidea egiten jarraitzen dute Larratxoko jaiek. Udako lehenetakoak izanik, haien esperoan izaten dira asko. Itxaronaldia laster amaituko zaie, festak ekainaren 5etik 9ra artean ospatuko badituzte ere, aurrekariak bihar bertan helduko baitira.

Gogotsu daude larratxoarrak, auzoko jaien esperoan. «Oso esker onekoak dira, edozer egiten dugunean beti daude, auzoa beti dago». Hala dio Naiara Crujeiras jai batzordeko kideak. Asteak dira datei edo egitarauari buruz galdetzen diotela, prestatutako guztiaren berri izan nahian edo ezer ez galtzeko. Bost eguneko festa noiz iritsiko, atzera kontaketa egiten ari dira, jada. Ez auzotarrak bakarrik, ordea. Hiriko udako jaietako lehenetakoak izanik, beste askok ere begiz jota baitituzte. «Gainezka egiten du. Jende asko etortzen da eta ekimen guztietan beti dabil norbait, euria ari badu ere».
Suziriak leherrarazi eta holi festak kolorez beteko du festa ostegunean, eta igandera arte zereginik ez da faltako Larratxon. Horren aurretik, ordea, motorrak pizten hasteko, bihar, areto futbol txapelketako finalaurrekoak eta Sagardo Eguna aurrera eramango dituzte. Halaber, amaierara arte egongo diren ferietako jolasak jarriko dituzte.
Tradizio bilakatutako jarduerei beste batzuk gehitzen joan zaizkio, eta hala gertatzea espero dute aurtengo nobedadearekin: Abordatze pirata. «Larratxoko gazteek proposatu ziguten gure laguntzarekin barku pirata bat egitea. Lan eta lan aritu dira», azaldu du Crujeirasek. Karroza prest dute larunbat arratsaldean txosnatik abiatuta tabernaz taberna joan eta jai giroa auzoan zabaltzeko. Torras DJ-a lagun dutela osatuko dute ibilbidea eta piratez janzteko deia egin diete auzokideei.
Arratsalde mugitua izango da, horren aurretik erraldoi topaketa egingo baitute. Iaz estreinakoz antolatu zuten eta izandako erantzuna ikusita, tamaina handiko bisitariak gonbidatu dituzte aurten ere. Oraingoan, Herrera, Gros eta Larratxoko konpartsekin batera, Loiolakoak eta Amara Berrikoak ere egongo dira. Azken hauenak berriak dira eta larunbatean irtengo dira lehenengoz. Haiekin batera, nola ez, haurrak (eta ez hain haurrak) korrikan jarriko dituzten buruhandiak ere kalez kale ibiliko dira.
Belaunaldi berriak
Abordatzea ez da egin dieten iradokizun bakarra izan. Esaterako, egin ohi duten paella jan erraldoia, bazkari herrikoi bilakatzeko eskatu diete ere, eta hala egin dute. Crujeirasek onuragarritzat jo du horrelako aldaketak barneratzea; eta asmatu dutela dirudi: «Jende pila bat ari da izena ematen». Proposamenez haratago, jai batzordeko hamar kideak pozik daude bost gazte animatu baitira prestaketekin laguntzera. Behar dutenetan, beti dute esku bat botako dienik, izan auzokoak, izan kanpokoak; baina, aitortu duenez, belaunaldi berriak pixkanaka sartzen joatea «asko da» beraientzat.
Berritasunez gain, auzoan bolo-bolo dabilen jarduera bat zikiro bazkaria da. «Jaietako izarra», adin guztietako 200 bat lagunentzako otordua da. 28 euroren truke edaria, hasierakoak, entsalada, arkumea, postrea, kafea eta tragoxkak barnebiltzen dituen menuaz gozatuko dute; haurrek, aldiz, edaria, makarroiak eta izozkia, 5 euroan.
Gastronomiarekin jarraituz, jakin-mina pizten duen beste jarduera hilaren 7ko paella lehiaketa da. Eskolan nor baino nor arituko dira 30 bikote, eta izen ematea gaur abiatuko dute. Deiak jaso ahala betetzen doaz zerrenda eta batzordeko kideei beraiena hartzeko eskatu ohi diete bizilagunek aurreko egunetan. «Zoramena da», baieztatu du.
Auzoko zenbait gaztek proposatuta, barku pirata baten karroza egin eta kalez kale ibiliko dira larunbatean
DJ, rap eta Sonakay
Gainerakoan, «betikoak» ez du hutsik egingo, izan ere, antolatzailearen esanetan, «ezin ditugu gauza asko aldatu, jendea gainera botatzen zaigulako». Eta bestalde, funtzionatzen badu, zertarako aldatu? Zerbait nabarmentzekotan, musikaren aldetik jo du jai batzordeko kideak. Batetik, ostiraleko DJ jaialdia. Bertan, Txolas eta Javi Hidalgorekin batera, Torras gazte pasaitarra ere arituko da. Bestetik, Sonakay taldearen kontzertua. «Oso pozik gaude. Duela urte asko etorri ziren, gero arrakasta handia izan zuten, eta orain berriro datoz». Rapak ere bere lekua izango du lehiaketaz gain, El Negro, SNKT eta Txiltxokoren kontzertuekin.
Danborra alde batera utzi eta San Sebastian egunaren bueltan hasi ohi dituzte prestaketak jai batzordeko kideek. Haietan gozatzeko aukera gutxi izaten dute, ordea. Abagune bakarrenetakoa azken egunean izango dutela uste du. «Zikiroa amaituta, Sonakayk joko du eta erraldoi eta buruhandiak irtengo dira. Guretzat, kuadrillen jaitsiera modukoa da, eta parte hartzeko aukera izaten dugu». Besteak parte hartzera deitzeko beharrik ez dela badio ere, auzokoak eta kanpokoak gonbidatu ditu «ondo pasatzera, beti errespetuz».