Guardetxearen aldeko elkarretaratzea egin dute Udaltzaingoen parean

Tentsio handiko eguna izan zen atzo Guardetxeko kideentzat. Goizean, udalbatzan hitza hartzen saiatu eta haien eskariak zabaltzerakoan, Udaltzaingoak haien aurka oldartu eta sekulako iskanbila sortu zen. Emaitza: atxilotu bat, bost identifikatu eta hainbat zauritu —tartean, lau udaltzainek “lesioak” izan zituztela esan zuen udalak—.
Arratsaldean, beraz, hainbat gazte Morlansko polizia etxera hurbildu ziren, atxilotuaren askatasuna eskatzeko. Udaltzainekin talka egin zuten gazteek eta bi identifikatu izan ziren, liskar gehiagorik izan gabe.
Maiatzaren 1ean okupatu zuten Guardetxea hainbat gaztek, sei urtez itxita eta “utzita” egon ostean. Orain, udalak behin-behineko hustuketa eskatu duela esan dute gazteek, eta gaurtik aurrera, edozein unetan kaleratuak izan daitezkeela salatu dute.
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak, Parte Zaharreko beste eragile askorekin batera, bilera eskatu diote Udal Gobernuari, auzoarentzat alternatiba bat eskaini dezan, eta Guardetxea kudeatzek bitartekoak eskaini ditzan.