Hamargarren liga eskura dute
Bera Berak ligako finaleko bigarren partida jokatuko du bihar, Elxen pistan (18:00).

Irabaziz gero ligako garaikurra jasoko dute, eta galtzekotan, beste aukera bat izango dute. Bera Berak dena du alde bere historiako hamargarren liga irabazteko. Finaleko lehen partida irabazi ondoren (28-19), bigarrenean ere Elx menderatuta eskura dezake liga. Bestela, esan moduan, hirugarren neurketa jokatu beharko dute datorren astean, Gaska kiroldegian.
Ageriko abantailak dituzten arren, horiek aprobetxatu beharko ditu Donostiako eskubaloi taldeak. Elx ezustean iritsi zen finalera, fase erregularrean seigarren tokian bukatuta. Ordea, Porriño eta Atletico Guardes talde indartsuagoak gainditu zituen titulurako lehian sartzeko. Horrela ere, Bera Bera da hautagai nagusia, eta presioa aldagelan utzita, titulua ziurtatzeko aukera paregabea dute.
Liga irabaziz gero, denboraldia bukatuko da donostiarrentzat. Era berean, Esther Arrojeria eta Alba Menendez kapitainen ibilbidearen bukaera izango da.