Manteoko bizilagunak pozik daude udalbatzak harturiko erabakiarekin
Eskailerak eraitsi eta Nafarroa etorbideko zebrabide bat ezabatu ondoren, udal gobernuak auzoko irisgarritasuna hobetzeko konpromisoa du.

“Bi hitzetan: poztasuna eta konpromisoa”, adierazi dute Manteoko bizilagunek. Pasa den asteko ostegunean, Donostiako Udalbatzak aho batez onartu zuen Manteoko irisgarritasuna bermatzea. Oposizioko alderdiek aurkezturiko mozio bateratua babestu zuten EAJk eta PSE-EEk, nahiz eta “mozio politiko” bat izan zela seinalatu.
“Orain arte izan dugunaren moduko bizi kalitatea bermatzeko eta hobetzeko aukera ematen duten xehetasunetan sakontzea eskatzen dugu”, nabarmendu dute bizilagunek. Ildo horretatik, bihar Alkatetzarekin bilera egingo dute udaletxean. “Aste Santua baino lehen izan genuen aurreko bilera, eta ordutik ez dugu gaian sakontzen aukerarik izan”, adierazi dute.
Bileraren biharamunean, asteazkenean, auzo batzar bat egingo dute Manteon, “egoera aztertzeko eta erabakiak kolektiboki hartzeko”. 19:00etan izango da batzarra, Manteoko frontoian.