Manteoko irisgarritasuna bermatzearen alde bozkatu du udalbatzak
EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak mozioa kritikatu arren, oposizioko udal taldeen eskaera babestu du.

Nafarroa etorbideko eskailerak kentzen ari ziren bitartean, maiatzeko osoko bilkuran, Manteoko irisgarritasunaren inguruko mozio bat eztabaidatu dute. EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk elkarrekin aurkeztu dute.
Oposizioko hiru udal taldeek Manteoko bizilagunen eskariak eraman dituzte udalbatzarrera. Batez ere, Manteoko irisgarritasuna bermatzea eskatu dute. Udalbatzak eskaera hori aho batez onartu du, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Horrela ere, Olatz Yarza Mugikorasun zinegotzia kritiko agertu da mozioarekin. Haren ustez, aurkezturiko mozioa “politikoa” da, eta oinarrian “Basque Culinary Centerren egoitza berriaren aurkako” jarrera duela esan du.
Horrez gain, Yarzak adierazi du “irisgarritasuna bermatzeko lanean” ari direla. Eneko Goiak asteartean erakutsitako jarrera berretsi du Mugikortasun zinegotziak: “Badakigu erabaki batzuek bizilagunen egunerokoan eragin zuzena izango dutela. Esaterako, eskailerak kentzeak. Horrela ere, egoera hau behin behinekoa da”. Dena dela, ez du argitu behin betiko erabakiak noiz hartuko diren.