Sara Uribe-Etxeberriaren 'Kuntzak eta kerak' poema liburua aurkeztu dute
Gaur goizean, ekainak 4, Donostia Kultura VIII. Poesia Sariko liburua aurkeztu du Balea Zuria argitaletxeak

Sara Uribe-Etxeberriaren lehenengo liburua aurkeztu dute gaur: Kuntzak eta kerak. Donostia Kultura Poesia Lehiaketako VIII. sari nagusia eskuratzeagatik plazaratu du Balea Zuria argitaletxeak.
Zumaian 2005ean jaioa, Zuzenbide ikasketak egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bestalde, 2022 urtean R.M. Azkue Literatura Sarietan, poesia arloan, lehen saria irabazi zuen. 2022 eta 2023 urteetan Urruzuno Literatur Lehiaketan poesia arloan saritua izan zen.
Epaimahaikideek (Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi) balorazio hau egin zuten saria ematerakoan: “Mundu eta atmosfera propioa dauka liburuak, poesiaren eta zientziaren arteko bidegurutze moduko bat. Lirikotasun landuz egiten du bidea, irudi eta gogoeta iradokigarriz betea. Hizkuntza aldetik, ezohiko heldutasuna eta batasuna dauka tonuari eta egiturari dagokionez. Erreferentzia askotarikoak baliatzen ditu, hurbilak zein urrutikoak, arruntagoak zein jasoagoak. Askotariko gaiak agertzen dira liburuan zehar: poesiari buruzko gogoetak, belaunaldi kontuak, mina, kezka sozialak, giza izaerari buruzko gogoetak… Era berean, originaltasuna eta arriskua bilatzen du poemak josteko orduan.”
Egilea zuzenean ikusteko aukera izango da ekainaren 9an, iluntzeko 19:00etan, Viktoria Eugenia Cluben egingo den 2025eko Poesia eta Pentsamendua programako errezitalean.