Sasoiez kanpoko literaturarena

‘JANE AUSTEN A GÂCHÉ MA VIE’
Zuzendaria: Laura Piani · Urtea: 2024 · Herrialdea: Frantzia
Laura Piani zuzendariak ez du ezkutatzen Four Weddings and a Funeral (1994), Notting Hill (1999) eta Bridget Jones’s Diary (2001) edo Love Actually (2003) gisako filmak ikusten hazi zela eta, hain zuzen ere, zentzuzkoa da bere opera prima den honetan Richard Curtisen zinemaren erreferenteak diren lan horietatik guztietatik edatea. Tamalez, hankamotz heldu dio Jane Austen a gâché ma vie (2024) filmari, maitasun erromantikoarekin edo sedukzioaren dinamikekin zerikusia duten kodeak berritzeari uko eginaz.
Agathe, emakume baldarra bezain xarmagarria, kontraesanez beterikoa, egoera desegonkorrean eta etsian aurkitzen da. Bere ametsa Jane Austenen eleberri baten maitasun duina bizitzea da, eta bere helburu nagusia, idazten ari den nobela publikatzea eta idazle bilakatzea. Horren ordez, Parisko Shakespeare&Co liburu denda britainiarrean dendari gisa ematen ditu egunak.
Ezustean, Ingalaterrako Jane Austen Idazleen Egoitzan egonaldi baterako gonbidatua denean, nobelagile bihurtzeko ametsa betetzeko bere segurtasun gabeziei aurre egin beharko die, baita sormen blokeo bati ere, eta bere bizitza sentimentala birplanteatzera eramango duen amodiozko triangelu kaotiko batean murgilduko da.
Bada, beste ezer baino gehiago, komedia erromantiko frantsesa eta britainiarra hibridatzeko ahalegin originala da Laura Pianirena, filmari izenburua ematen dion idazlea gurtzeko asmo onetik abiatzen dena, baina, tamalez, klixeak irauli baino gehiago, betikotu egiten dituena. Bestela esanda, filma liburuen botereari eta erromantizismo klasikoari egindako omenaldi atsegina da, aktore talde karismatiko batek eta estetika literario zein zinema autoralaren berezko eszenaratze zainduak indarturikoa, nahiz eta generoaren formula aurreikusgarrietan erortzen den. Ederra, bai; baina azalekoa.
Argi dago Pianiri erreferenteekin jolastea gustatzen zaiola, izan zinematografikoak eta baita literarioak ere. Eta horixe izan daiteke filmaren aspektu erakargarriena, erreferentzia argi edo estalitako horien xerka aritzearen ariketa bera.