Izar gozotegia itxiko dute, 76 urteko ibilbidearen ostean

2020an itxi zuten Parte Zaharreko denda historikoa, eta, orain, behin betiko esango du agur Donostiako Izar gozotegi historikoak. Hala jakinarazi du enpresak berak sare sozialen bidez: “Ibilbide luze eta atsegin baten ostean, erretiroa hartuko dugu eta behin betiko itxiko dugu gure gozotegia uztailaren 1ean”.
Kale Nagusiko denda itxi zutenetik, Martuteneko 27 Industrialdeko lantegian jarraitu dute euren jardunarekin, eta hala jarraituko dute ekainaren 30era arte, “betiko dedikazioarekin eta kalitatearekin”. Izarreko lagun eta bezeroek, beraz, azken aukera dute egunotan Gorbea pastel enblematikoak eta Izarreko bestelako gozoak dastatzeko. Hain zuzen ere, gozotegiaren webgunetik egin daitezke eskaerak.
76 urte
Izar gozotegia 1949an ireki zuen Hortensia Izar de la Fuentek, eta familia bereko hiru belaunaldi pasatu dira bertatik 76 urteotan. Arduradunek esker oneko hitzak izan dituzte urteotan guztiotan izandako bezeroentzako: “Ohorea izan da zuen bizitzen parte izatea eta zuen momentu bereziak gozatzea”.