Zaharrean Festa ospatuko dute asteburuan, «Parte Zaharrak eskaintzen duen guztia ezagutzeko»

Parte Zaharreko Merkatarien Elkarteak antolatuta, Zaharrean Festa egingo dute asteburuan. Ostiralean eta larunbatean ospatuko duten jai horretara herritar guztiak gonbidatu dituzte, “Parte Zaharrak eskaintzen duen guztia ezagutzeko, gozatzeko eta bizitzeko”.
Aurten ere publiko zabalarentzako jarduera ugari antolatu dituzte: futbito txapelketa, txaranga, emakumezkoen pilota txapelketa, dantzariak, ginkana dibertigarri bat Parte Zaharreko dendetan barrena eta trikitilariak, besteak beste.
“Izan ere, merkataritza txikia ez da soilik salerosketa. Parte Zaharra bizirik mantentzen duen eguneroko lana da, bertako denda eta komertzioetan dihardugun pertsona guztien eskutik. Zaharrean Festa aukera paregabea da hori erakusteko, elkarrekin ospatzeko eta harremanak sendotzeko”, nabarmendu dute elkarteko kideek.