Auzotik auzoarentzat, eta auzotarrekin
Amara Berriko San Joan jaiak gaur abiatuko dira, jarduerez beteriko hiru egunekin. Dena dela, hilaren 23an, San Joan bezperan, borobilduko dituzte festak.

Probestu plazan elkartzeko prest daude Amara Berriko auzotarrak. Gaurtik igandera bitarte egingo dituzte San Joan jaiak, eta auzoari begirako ohiko jarduerak antolatu dituzte hiru egunetarako. Noski, plazaren ateak beti zabalik egongo dira herritarrei harrera egin eta giro ederrean ospatzeko sanjoanak. Festak hilaren 23an borobilduko dituzte, San Joan bezperan. Hemen daukazue egitaraua.
«Auzoko eta etxeko giro hori mantentzea da gure ohiko helburua, eta zentzu horretan prestatu dugu egitaraua. Kanpotik etortzen direnei ere harrera polita egiten diegu. Jai irekiak dira, eta datozen guztiekin konpartitzen ditugu», azaldu du Javi Sampedro Ikasbide kultur elkarteko kideak. «Urteroko egitaraua errepikatu dugu, hori delako auzotarrok estimatzen duguna», gaineratu du.
Haur, gazte eta helduentzako jarduerak dira Amara Berriko sanjoanetako pizgarriak. «Jaiak ondo abiatzeko, gazte olinpiadak egingo ditugu gaur. Auzoko gazteen arteko jokoak sustatu nahi izan ditugu. Kuadrillen arteko jokoak izango dira, giroa sortzeko Probestu plazan», azaldu du Sampedrok.
Bi erraldoi berri
Egitarauak berritasun nabarmenik izango ez duen arren, Amara Berrik bi erraldoi berri izango ditu. «Ez dute argitu zeintzuk izango diren, eta gaur bertan jakin ahal izango dugu zeintzuk diren. Sekretupean dituzte, eta oraindik ez dituzte erakutsi», dio Sampedrok. Gaurko pizgarri nagusia erraldoien erakustaldia izango den arren, bestelakorik ere izango da: «Txokolate jana eta txupinazoa ez dira faltako. Festen hasiera ofiziala ere izango da. Gauerako, Amara Berri inguruko rap abeslari batzuk izango ditugu, beste proposamen bat».
Nolanahi ere, biharko eguna izango da oparoena. 3×3 saskibaloi txapelketa, paella txapelketa, bazkari herrikoia, mus txapelketa, txotxongiloen emanaldia, haurrentzako tailerrak eta puzgarriak, eta disko festa programatu dituzte. «Fermin Muguruzaren Anoetako kontzertua oso gertu izango dugun arren, uste dut gure festekin bateragarria izango dela. Guretik pasatu ondoren joan ahal dira batzuk Anoetara, eta hango festa bukatzean bueltan etorri», adierazi du Sampedrok.
Igandeko biharamuna, berriz, ohikoa bezain lasaia izatea aurreikusi dute: «Dantza emanaldia, patata tortilla txapelketa, bazkari herrikoia eta 3×3 futbol txapelketa izango ditugu. Aldiz, Amara Kantuz taldeak girotuko du bazkari ostekoa, euskal musika herrikoiarekin».