Hirian jazotako azken sexu erasoak salatu ditu Itaiak
Joan den asteko bi sexu erasoak salatzeko elkarretaratzea egin du gaur Donostiako Itaiak Amara Berriko Ferrerias plazan. Bi izan ziren joan den astean salatu ziren erasoak, eta horiei aurre egiteko antolakuntzarako deia egin dute. “Emakume bat modu jarraituan bortxatu zuen gizon batek eta igande goizean emakume bati sexu erasoa egin zion gizon batek Amara auzoan”, adierazi zutenez.
Bestetik, joan den larunbatean, ekainak 14, ehunka emakume bildu ziren Donostiako Zentro Sozialistan aurtengo Emakume Langileen Topaketan. Itaiak olatu erreakzionarioari aurre egiteko eta horretarako behar ziren antolaketa moduei buruz eztabaidatu zuten.
Hiru helburu nagusi azpimarratu zituzten: batetik, “erakundearen oinarri militantea zabaltzea eta indartzea”; bestetik, “emakumeen sektore zabalagoetara iristea”, eta, “emakumeen baldintza ekonomiko eta sozialek okerrera egin dutenez eta matxismoa areagotu denez, gero eta emakume sektore gehiagok bat egitea sozialismoaren printzipio politikoekin”; eta, azkenik, “aliantzak ehuntzea”. Beharrezkotzat jo zuten, “aipatutako testuinguru politikoan, eragileekin eta pertsonekin lankidetzan aritzea, eta langile klasearen interesak defendatuko dituen lankidetza garatzea eta indartzea”.


