«Gizarte Ekintza departamentua indartuko duen akordio bat lortu dugu»
Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak udalak eta langileen batzordeak lorturiko akordioaren balorazioa egin du.

Donostiako Udalak eta Gizarte Ekintzako langileen batzordeak akordioa lortu zuten atzo, eta, ondorioz, greba bertan behera utzi dute. Biharamunean, Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotzi jeltzaleak akordioaren balorazioa egin du udalaren izenean.
“Hilabeteetako lanaren eta negoziazioaren ondoren, Gizarte Ekintza departamentua indartuko duen akordio bat lortu dugu, baliabide gehiago emanez eta langile kopurua handituz”, nabarmendu du Idoetak. Akordioak herritarrei “zerbitzu hobea” ematea ahalbidetuko duela gaineratu du zinegotziak: “Gizarte zerbitzuak lehentasuna dira udal gobernuarentzat, eta uneoro egon gara prest haien beharrei erantzuteko formularik onena aurkitzeko”.
Greba bertan behera geratu ondoren, Idoetak espero du gizarte zerbitzuetako zentroek “ahalik eta lasterren normaltasuna berreskuratzea”, eta “donostiarrei arretarik onena eskaintzen jarraitzea”.
Sindikatuen iritzia
ELAk eta LABek positibotzat jo dute aurreakordioa, eta nabarmendu dute borroka sindikala dela langileen eskubideak eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzeko tresna bakarra. Besteak beste, 2027ko urtarrilaren 1erako hamasei langile berri kontratatuko dira gizarte langilearen, administrariaren eta psikologoaren kategorietan. Gauzak horrela, bihar hastekoa zen greba bertan behera geratu da.