«Iraganeko akats berak errepikatzea» leporatu dio EH Bilduk udalari, Bretxan ostalaritza proiektu bat jartzeagatik

Donostiako EH Bildu oso kritiko agertu da Donostiako Udalarekin, Bretxan jarriko duten proiektuetako bat ezagutarazi ostean. Koalizioak jakinarazi duenez, Donostia Sustapenak iragarri du bertan izango dela “sukaldaritza-eskola” deitu duten egitasmoa.
Lehenengo solairuan egongo litzateke proiektu hau eta “merkatuan eskainitako produktuak erabiliz, ostalaritza zerbitzua” emango luke, EH Bilduk bidalitako oharrean jakitera ematen denez. “Adierazi dute ez dela ‘ohiko jatetxe bat izango’ eta ez duela ‘mahai askorik izango’. Galdera, beraz, honako hau da: taberna ez bada, jatetxea ezta ere, zer izango da orduan?”, galdetu du koalizioak.
Urrian salatu zuen EH Bilduk Arraindegia eraikinean ostalaritza jarduerak ezarri nahi zituztela, eta orain, zituzten “beldurrak bete” egin direla salatu dute: “Parte Zaharra, saturazio gune izendatua, ostalaritzaren kontrolik gabeko hazkundea sufritzen ari da, eta horrek auzoaren eguneroko bizitzan desoreka nabarmena eragin du. Proiektu berri honek norabide horretan sakontzen jarraitzen du”. Eta aldarrikapena egin dute: “Parte Zaharra ez da parke tematiko bat”.
Udal Gobernuak 2024ko otsailean Baikarekin zuen kontratua eten egin zuen, kudeaketa publikora itzuliz. EH Bilduk aldarrikatzen zuenez, aukera bat zen honako “auzoaren behar historikoei erantzuteko”, eta, horren ordez, “orain dela bederatzi urteko” proposamen berdinera iritsi izana deitoratu dute: “Hitz gutxitan, hasierako laukira itzuli gara”.
Joan den martxoan, EH Bilduk hainbat proposamen egin zituen eraikinerako, tartean, kontsumo kooperatiba bati lagapena egitea. Bestetik, Bretxako merkatuaren behin-behineko egoerak eta ezjakintasuna “kezka” eta “haserrea” zabaldu zuen baserritarren artean. Gaur gaurkoz ez dago behin betiko proiekturik.