Kontxako Bandera berriz astintzeko garaia da
Datozen bi igandeetan jokatuko da 130. Kontxako Bandera. Zenbaki borobila da aurtengoa, batez ere, Kontxako badian traineru donostiarrek lorturikoari erreparatzen badiogu. 75 urte bete dira Parte Zaharreko Esperanza kirol elkarteak bandera irabazi zuenetik. Ordutik, gizonezkoen kategorian ez du beste inork eskuratu bandera, batzuetan eskura izan arren. Donostiarra izango ote da hamabosgarren bandera astinduko duena?

Donostia arraunaren hiria bihurtzen da Kontxako Bandera jokatzen denean. Orduan bizitzen dute gehien zale donostiarrek, kanpotik etortzen diren kolore desberdinetako jarraitzaile sutsuagoekin batera. Izan ere, arrauna aspaldi errotu zen Donostian, hamabost klub sortu dira —aulki finkoan, aulki mugikorrean edo bietan aritzeko—, tradizio handikoa da, bai, baina arraunarekiko donostiarren zaletasuna ez da maila berekoa izan. Azken urteotan, ordea, jarraitzaile kopurua hazten ari da Donostia Arraun Lagunak-en eta Donostiarraren lorpenengatik.
Gizonezkoen arraunaren historia luzeagoa da Donostian, eta gutxi batzuk izango dute gogoan irabazitako azken Kontxako Bandera. Izan ere, denboran nahiko urrun geratu da. Esperanza kirol elkarteak lortu zuen, 1950ean. Zierbena faboritoa, Iberia eta Zarautz gainditu zituzten bi jardunaldietan. Horretarako, hainbat herritako arraunlarik, tartean zazpi donostiarrek, osatu zuten San Vicente trainerua. Antton Korta Pintxan patroiak gidatu zituen garaipenera. Lortu zuten Kontxa bakarra izan zen, 1949an eta 1952an bigarren geratu ondoren.
Esperanzarena izan zen Donostiako traineru batek irabazitako hamalaugarren bandera. Ordutik, 75 urte bete dira, eta badirudi hamabosgarrena gero eta gertuago dagoela. Hori soilik Donostiarrak lor dezake, gizonezkoetan hiriak duen traineru bakarrak eta bateratuak. Komeni da gogoratzea 2007an sortu zela, Ur Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak klubek indarrak batu zituztenean. Bi urte geroago, 2009an, Fortuna kirol elkarteak bat egin zuen proiektuarekin. Aldiz, 2017an, Arraunek Donostiarra uztea erabaki zuen, kluba kudeatzeko moduan zituzten desadostasunengatik. Kontuak kontu, Donostiarra da gizonezkoen Kontxako Banderaren palmaresa biziberritu dezakeen bakarra.
Jatorria
Traineru estropaden jatorria XIX. mendearen amaieran kokatzen dute historialariek. Donostian eta kostako herri gehienetan, arrantzaleen lanbidetik sortu zen. Donostia arrantza jarduera handikoa izanik, parte hartze esanguratsua izan zuten bertako kuadrillek garaiko estropadetan eta desafioetan. 1920ko hamarkada inguruan, berriz, arrantza ontziak mugitzeko arrantzaleen giza indarra erabiltzeari utzi zioten, eta hiriko elkarteek hartu zuten kuadrillak sortzeko eta sustatzeko ardura. Hamarkada batzuk geroago, arraun klub modernoek hartu zuten haien lekua. Arraunak nabarmen eboluzionatu badu ere, hori bera da gaur egungo eredua.
Donostian dokumentaturiko traineru estropadarik zaharrena 1845ekoa da. Horrela jaso zuten garai hartako El Castellano eta El Espectador egunkariek, besteak beste. Urte hartako abuztuaren 12an, Gipuzkoako bederatzi traineru hauek neurtu zituzten indarrak: Donostia, Hondarribia, Pasaia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku. Kontxako badian aritu ziren, eta Donostiak irabazi zuen. Aipaturiko egunkariek diotenez, tenplete moduko bat jarri zioten Isabel II.a Espainiako erreginari Apaizen pasealekuan, eta handik ikusi zituen estropadak, familiarekin batera.
Estropada gehiago jokatu ziren hurrengo urteetan. Garaiko kronikek jaso zituztenen artean daude 1852ko abuztuaren 15ean —Ama Birjinaren egunean— Donostian jokaturikoa, 1853an Baionan egin zena traineru donostiar baten parte hartzearekin, eta 1858an Donostian antolaturiko estropada berezia. Hamaseina arraunlariko bi ontzi lehiatu ziren, eta, diotenez, Napoleon III.a lekuko izan zuen.
Lehen irabazlea eta errekorra
Donostiako traineru estropaden benetako historia 1879an hasi zen, Kontxako Banderarekin. Urte hartan antolatu zen lehen aldiz, eta Lequeitiana ontzi donostiarrak irabazi zuen, hogei minutu eta hogeita bat segundoko denborarekin. Rafael Agirrek Donostiako Estropadak (1879 – 2001) liburuan jasotakoaren arabera, soilik hiru traineru aritu ziren lehen edizio hartan. Pasaiako Avante-k izan behar zuen laugarrena, baina ez ziren aurkeztu. Horrela, Lequeitiana-k Orioko bi ontzi izan zituen aurkari, Santa Justina eta Ondarroa. Biak mendean hartu zituen.
Kontxako Banderaren palmaresak agerian uzten duenez, XIX. mende bukaeratik XX. mende hasierara bitarteko garaia izan den oparoena Donostiako traineruentzat. Kontxako lehen 30 edizioetatik hamahiru irabazi zituen hiriko ontzi batek, eta oraindik indarrean dagoen errekor esanguratsu bat lortu zuten: jarraian zazpi bandera irabaztea. Hori 1883. eta 1894. urteen artean gertatu zen. Joxe Jabier Uresberueta patroiak gidaturiko Angelita izan zen lehena, eta Frantzisko Zubiaurre Kiriko patroiaren Amigos ontzia azkena. Elkarteak sortu aurreko azken bandera, berriz, 1922koa da. Francisco Bakeriza Soterotxo patroiak zuzenduriko Nuestra Señora del Carmen traineruak lortu zuen. Hura izan zen hiriko ordezkari baten hamahirugarren bandera.
Hamabi elkarte
1930eko hamarkadan hasi zen elkarteen aroa Donostian, eta ordutik aurrera sortu ziren guztiak saiatu ziren Kontxako Bandera irabazten. Guztira, hamabi dira elkarte gisa parte hartu dutenak. Aitzindariak Amaikak Bat eta Empuje izan ziren. Bandera oso gertu izan zuen bi aldiz Amaikak Bat-ek, 1932an eta 1940an bigarren postuan bukatu zuelako. Hain zuzen ere, 1940. urtean beste traineru bat itsasoratu zuen Loiolatarra elkarteak. Laugarren postua izan zen eskuratu zuten onena. Aldiz, 1941ean, Chimparta ontzia sortu zuten Amaikak Bat elkartearen laguntzarekin.
1950eko eta 1960ko hamarkadetan, berriz, beste kirol elkarte batzuek egin zuten urratsa arraunean aritzeko. Horren eredu dira Esperanza eta Jaizkibel. Beste kirol batzuk lehenetsi ondoren uretaratu zen Esperanza, Kontxako Bandera irabazteko itxaropenarekin. Baita lortu ere, aipatu moduan. Are gehiago, elkarteak sortu zirenetik bandera astindu duen elkarte bakarra da. Dena dela, Jaizkibelek ere eskura izan zuen hasi berritan. 1960an sortu zuten elkartea, eta 1961ean bigarren postuan geratu ziren. Urte hartako Kontxako Banderan aritu zen Ibaeta trainerua ere, Txapel Aundi elkarteko hainbat arraunlarirekin. Partaidetza bakar hartan, azkenak izan ziren, baina oraindik gogoan omen dute auzotarrek.
Klub modernoen garaia
1960ko hamarkadaren bukaera aldean hasi zen Donostiako arraun klub modernoen garaia. Traineru kopuruen aldetik ere, hamarkada oparoenak etorri ziren. Izan ere, hiria lau ordezkari izatera iritsi zen. Donostiako Arraun Batzordea —Donostia izenez ezagunagoa— izan zen itsasoratu zen lehena, 1968an. Arraun Lagunak-ek 1971ean atera zuen aurrenekoz trainerua, Ur Kirolak-ek, 1982an eta Fortunak, 1983an.
Lauek zeresana eman zuten Kontxako Banderan, batez ere, 1981. eta 1994. urteen artean. Ur Kirolak bigarren izan zen 1983ko estropadan, Donostia hirugarren 1981ean, eta Arraun Lagunak hirugarren 1991n eta 1992an. Horrez gain, nabarmentzekoa da Donostiak 1976an irabazi zuen sailkatze estropada.
1990eko hamarkadan ere maila onean aritu ziren traineru donostiarrak, baina bandera urruntzen ari zela nabaritu zuten. Elkarteen ahalmena ere apalduz joan zen, eta batzuek horri aurre egiteko neurriak hartu zituzten. Esaterako, 1996an, Donostiak eta Arraun Lagunak-ek bat egin zuten, eta horrela sortu zen Donostia Arraun Lagunak —hori da izen osoa eta ofiziala—. Ez zen bateratze bakarra izan, arestian aipatu moduan. Horrek, berriz ere, 2007ra garamatza, Donostiarra Kaiarriba kluba sortu zen urtera. Indarrak batu eta metatu arren, Kontxako Banderarik ez dute irabazi, eta dagoeneko 75 urte pasatu dira.
Donostiarraren unea
Gizonezkoen lehorteari bukaera eman diezaiokeen traineru bakarra, beraz, Donostiarra da. 2008an parte hartu zuen aurreneko aldiz Kontxako Banderan, sailkatze estropada jokatzeko beharrik gabe. Emaitza ahazteko modukoa izan zen. Zortzigarren eta azken postuan bukatu zuten, Castro irabazlearengandik lau minutu luzera. Hurrengo bi urteak ez ziren hobeak izan, antzeko mailan aritu baitziren.
2011n, ordea, burua altxa eta laugarren traineru onena izatea lortu zuen Donostiarrak, Kontxako badian. Tamalez, salbuespen txiki bat izan zen. Zulotik ateratzea 2019tik aurrera lortu zuten, lau onenen artean sar zitezkeela erakutsi zutenean. Emaitzarik onena, berriz, 2022an eskuratu zuen Donostiarrak. Bigarren geratu ziren Urdaibai txapeldunarengandik hamasei segundora, bi igandeak aintzat hartuta. Orduan ikusi zuten zaleek Kontxako Bandera astintzeko aukera gero eta gertuago zegoela. 2023an laugarren izan ziren, eta, iaz, hirugarren.
Eta aurten? Galdera horri erantzuteko, Igor Makazaga Donostiarraren entrenatzailearekin hitz egin du hedabide honek. Kontxako lehen igandeaz harago ikusi nahi ez duen arren, bandera irabaztea du helburu: «Taldea ondo ikusten dut. Uste dut Kontxari begira goizegi jarri ginela, ligan estropada itsusi samar batzuk egin ditugulako. Dena dela, pasa den asteburuan hobeto ibili ginen Galiziako uretan, eta horrek konfiantza ematen digu Kontxan ondo aritzeko. Bi aste berezi ditugu aurretik, eta irrikan gaude lehen jardunaldia iristeko».
Azken urteotan, Kontxako Bandera irabaztetik gero eta gertuago daudela jakin badaki entrenatzaile pasaitarrak, «onenekin borrokan» aritzea eta «ohorezko txandan» egonkortzea lortu dutelako. «Irabaztea, ordea, oso zaila da, eta oso garestia da beti. Faboritoak beste batzuk dira, baina dauden alternatiben artean gu bat gehiago gara. Ez da ahaztu behar bi jardunaldi direla, bi igande. Lehendabizi, aurreneko harri koskorra jarri behar da etzi, eta orduan ikusiko dugu bandera lortzeko lehian gauden», nabarmendu du Makazagak. «Gure onena eman behar dugu aukerak izateko. Hortik aurrera, itsasoak jarriko gaitu dagokigun tokian. Onenekin parez pare aritzeko maila dugula erakutsi dugu, eta ezustekoa ematen ahaleginduko gara», gaineratu du.
Ligako bandera
Donostiarrak irabazi zuen Donostian jokaturiko Eusko Label ligako estropadan, iragan uztailaren 12an. Erakustaldia emanda eskuratu zuten bandera Makazagak gidaturiko mutilek. Horrela ere, Kontxako lehiarekin alderatuta, oso bestelakoa izango dela uste du Donostiarrako entrenatzaileak: «Dena ondo atera zitzaigun, eta ez dut eskatzen hori bera gertatzea. Ez dut esango errepikaezina denik, baina baldintza jakinetan aritu ginen, eta asmatu genuen. Hori berriz lortzea oso zaila da, eta ez dugu Kontxarekin konparatu behar».
Donostiako badia inork baino hobeto ezagutu arren, Makazagak dio itsasoa oso aldakorra dela eta faktore asko kontuan izan behar direla. «Momentukoari aurre egin behar diogu, dauden baldintzak aztertuz eta horietara egokituz. Estropada eremu horretan entrenamendu asko egin arren, itsasoa beti desberdin egoten da. Lehen eta bigarren txandaren artean desberdintasunak daude. Kaleen artean ere bai», adierazi du.
Kontxako Bandera irabazteko, «faboritoengandik gertu» egotea ezinbestekoa dela uste du Makazagak: «Ligan gertaturikoa ikusita, Kontxan arerio berberak espero ditugu: Orio, Zierbena eta Urdaibai. Horrela ere, igandean Kontxako Bandera irabazteko ametsarekin abiatuko gara zortzi traineruak. Gerora, bakoitzaren ahaleginak, itsasoak eta aipaturiko beste faktoreek erabakiko dute».
Zenbaki borobilak
75 urte bete dira gizonezkoen traineru donostiar baten azken garaipenetik, eta datu hori «esanguratsua» dela aitortu du Makazagak. «Urte asko dira, eta tarteka Donostiako ontzi batek bandera gertu izan duen arren, ez da posible izan. Donostiarra izan da azken urteotan gertuen ibili dena, eta horri balioa eman behar zaio. Izan ere, asko kostatu den zerbait da, urtetako lan gogorraren emaitza», azaldu du. Era berean, autokritika egitea komeni dela uste du: «Hainbeste urtetan irabazi ez bada, akaso beste tokitan gauzak hobeto egiten dituztelako izango da. Nire ustez, hausnarketa sano hori ere egin behar da. Bide beretik jarraitu behar dugu, aurrerapausoak ematen, 75 urte horiek 80, 85 edo 90 izan ez daitezen».
Bandera oraindik ez du irudikatzen Makazagak. «Igandeko lehen estropada dut buruan, besterik ez. Hor dugu erronka. Itxaropenik eta aurreikuspenik ez dut, soilik lehen urratsa egitea da helburua, eta horrek ahalbidetu diezaguke bandera irabaztea», nabarmendu du. Dena dela, ulertzen du inguruko jendeak ilusioa izatea: «Sanoa eta oso polita iruditzen zait. Kirola horrela bizi beharra dago. Ea garaipen batekin eskertzen diegun babesa, ederra izango litzateke».