LABek eta ELAk salatu dutenez, «oldarraldia oporretatik itzuli da»
Gipuzkoako Aldundiko zaintzaileen euskara eskakizunaren azken ebazpena salatzeko, elkarretaratzea egin dute Gipuzkoa plazan.

EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin du Gipuzkoako Aldundiko zaintzaileei euskararen ezagutza eskatzea. Euskararen aurkako beste oldarraldi bat salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, Gipuzkoa plazan. Aldundiko langileen batzordeko gehiengoa osatzen duten LAB eta ELA sindikatuek deitu dute.
Aldundiko zaintzaileek euskararen ezagutza eskatzea “diskriminatzailea” zela ebatzi zuen Donostiako Auzitegiak, 2024an. Sententzia horren alde egin du EAEko Auzitegi Nagusiak, lanpostuen egonkortze prozesu horretan hautagaiei euskararen ezagutzaren eskakizuna atzera botatzea berretsi dute.
Bi sindikatuek plazaratu duten irakurketa bateratuan nabarmendu dutenez, “oldarraldia itzuli da oporretatik”. Pankarta bat ateratzea “ez dela nahikoa” diote, baina “beharrezkoa” dela. “Ezinbestekoa da euskararen eta euskal komunitatearen aurkako eraso guztiak salatzea. Baina ez genuke nahi pankarta egungo egoera iraultzeko ardura berezia duten indar politikoen babes edo ezkuta lekua bihurtzerik”.
LABen eta ELAren arabera, “ez da nahikoa” oldarraldia salatzeko manifestazioetara joatea eta elkarretaratzeetan parte hartzea: “Argi ikusten ari gara egungo bide instituzionalak eta juridikoak ez direla nahikoak; beraz, bide horiek baztertu gabe, ezinbestekoa da euskararen aldeko borrokaren ildo nagusia plano instituzionaletik jendartera pasatzea, hau da, dinamizazio soziala kalean indartzea. Horretarako, besteak beste, Gasteizko Legebiltzarrean Euskararen Lege berria bideratu eta onartu beharko litzateke, eta euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsa artikulatu. Lan horretan, funtsezko betekizuna dute indar eta sindikatu abertzaleek”.
Hori dela eta, “euskal klase politikoari horrelako oldarraldia ekidin dezakeen bidea eta akordio politikoa jorratzea” eskatu diote. “Horretarako legea egokitu behar da, Euskara Legea aldatu”. Era berean, bi eskaera zehatz luzatu dituzte: “Dei egiten diogu euskal jendarteari oldarraldiari aurre egiteko, besteak beste, euskaraz bizitzeko hautua egin dezan, euskara nonahi harrotasunez erabiliz. Era berean, dei egiten diegu euskal langileei euskararen aldeko borroka bere egin dezaten eta lan mundua euskalduntzeko prozesuan indar erabakitzailea bihur daitezen”.