Laugarrena eskuratu nahi du Donostia Arraun Lagunak-ek
Euskotren Liga irabazita, 'Lugañenea' traineruak ez du Kontxako Banderaren sailkatze estropadarik jokatu behar izan. Donostiarrako neskek, ordea, bai, eta merezimendu osoz sailkatu ziren herenegun, hirugarren denborarik onena eginda.

Emakumezkoen Kontxako Banderaren araudia aldatu osteko lehen sailkatze estropada jokatu zuten herenegun. Donostiarra estreinako aldiz aritu zen, Euskotren ligan Donostia Arraun Lagunak txapeldunaren atzetik geratu ondoren. Izan ere, ligako traineru donostiar onenak aurrerantzean ez du sailkatze estropada jokatu beharko. Bantxa traineruak ez zuen huts egin estreinakoan, eta hirugarren denbora onenarekin sailkatu ziren Kontxako Bandera lehiatzeko.
Horiek horrela, aurten ere Donostiak bi ordezkari izango ditu emakumezkoen Kontxako Banderan. Arraunek, iazko txapeldunak, laugarren bandera irabazteko eta astintzeko aukera izango du. Lortzen badute, hirugarrena jarraian litzateke. Izan ere, 2021ean, 2023an eta 2024an eskuratu zuten bandera preziatua. Era berean, denboraldia borobilduko lukete Euskotren liga eta bi txapelketa irabazi ostean: Gipuzkoakoa eta Espainiakoa.
Pasa den urteko Kontxako Bandera presente izango dute askok, hiriko emakumezkoen bi traineruek lehen eta bigarren egin zutelako. Arraunek sailkatze estropada eta bi jardunaldiak irabazi zituen, alde nabarmenarekin. Donostiarra, berriz, atzetik geratu zen, bigarren igandean maila hobea emanda.
Zortzi traineruak
Guztira, 21 traineruk parte hartu zuten sailkatze estropadan, iaz baino bik gehiagok. Orio izan zen azkarrena (11:42), Tolosaldea bigarren (11:49), eta Donostiarra hirugarren (11:53), aipatu moduan. Sailkatu ziren gainerako ontziak, hurrenez hurren, Hibaika (11:59), Hondarribia (12:02), Astillero (12:04) eta Zumaia (12:05) izan ziren. Berez, Zarautzek egin zuen bosgarren denborarik onena, baina estatxa behar baino lehenago askatu zuela eta, hamar segundoko zigorra ezarri zioten epaileek, Zumaia sailkatzea ahalbidetuz. Aipaturiko zazpi traineru sailkatuak Arraunekin batera ariko dira lehian, datozen bi igandeetan.