Lorategi Hiri berriko lehen bizilagunek datorren astean jasoko dituzte giltzak

Lorategi Hiriko lehen 70 bizilagunak etxebizitza berrien giltzak jasotzen hasiko dira datorren asteazkenetik, hilak 10, aurrera, garapenaren lehen fasea amaitu ondoren. Fase horretan, mota desberdinetako 264 bizitoki eraikitzea aurreikusten dute. Emango diren etxebizitzak ibaitik gertuen dagoen blokeari dagozkio eta Gailur promotorea arduratu da haiek eraikitzeaz. Haren aurrean prentsaurrekoa egin dute Eneko Goia alkateak, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzi Ane Oyarbide eta Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarzak, garapenari buruzko zenbait datu emateko.
Giltzak emateaz gain, datorren astelehenean, hilak 8, Lorategi Hiria kalea irekiko dute, eremu berriaren bide nagusia izango dena. Errei bakarra izango du noranzko bakoitzean eta Loiolako Zeharbideko biribilgune berria Ur Kirolak-en parean dagoenarekin lotuko du. Garraio publikoa kale horretatik igarotzen da apiriletik, eta orain mota guztietako ibilgailuei zabalduko zaie. Espaloiak eta bidegorria ere erabilgarri izango dira.
Aldi berean, TAO bidez araututako aparkaleku berria martxan jarriko dute, kale horren eta Marea Errota parke berriaren artean. Horri esker, kultur etxearen aurrean dagoen aparkalekua obren makinentzako eta materialentzako gune gisa baliatuko dute, urbanizazio lanen hurrengo faseari ekin ahal izateko. Udaberria arte luzatuko de fasea auzoko etxeek hartzen duten ingurunean, Urbia kalea eta bide nagusi berriaren artean, zentratuko da. Saihesbideko taulen azpian dagoen aparkalekuan, berriz, egokitze lanak hasiko dituzte aurki, eta ondorioz, urrian zehar bertan aparkatzea debekatuko dute obrak amaitu artean.
Babestutako etxebizitzak
Alkateak nabarmendu du Lorategia Hiria “errealitate bat” dela, nahiz eta “oraindik gauzak egitea falta den”. Honen ondoren etorriko dira “erritmoa hartzen” ari diren Infernua, Illarra, Añorga Txiki, Igara eta beste esparru batzuk. Dagoeneko mila etxebizitza inguru eraikitzen ari dira eta horien bidez, alkateak azpimarratu du udala “azeleragailua zapaltzen ari dela etxebizitzen eraikuntzan, dauden premiei erantzun ahal izango dieten askotariko etxebizitzak merkatuan jartzeko helburuarekin”. Azaldu duenez, udalak erantzuna eman nahi dio etxebizitzaren beharrari “eskaintza zabalduz” eta bide horretan Jaurlaritzarekin lanean jarraituko duela berretsi du. Hain zuzen, Lorategi Hirian babes ofizialeko etxebizitzak egiteko bi oruberen lagapena sinatu zuten oraintsu.
Ildo beretik, Oyarbidek gogorarazi duenez, “auzo berri honek 264 etxebizitza berri izango ditu, eta horietatik 98 (% 40) babestuak izango dira, udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-hitzarmenari esker. Era berean, Lorategi Hiriak ekipamendu eta berdegune berriak hartuko ditu, bizilagunei aisialdirako aukera berriak emateko “.
Bitxikeria gisa, auzuneko zoruko baldosak ez dira ohiko hexagonalak. Irizpide berrien arabera, iragazkorrak izan behar dute, euri ura naturalki iragazteko gai. Adituen aholkua eta jasangarritasun irizpideak kontuan izanda, hiriko beste zenbait guneetan ere baliatu dituztela zehaztu du alkateak, Txomineneako Arteleku plazan, esaterako. Halaber, uholdeak ekiditeko deposituaren amaierak gainazalean sortutako zabalgunean kirol kantxak jarriko dituztela ere aurreratu du.
Zirkulazio aldaketak Loiolan
Lorategi Hiriko bide berriaren irekierak Loiolako trafikoaren berrantolaketa garrantzitsu bat ekarri du, joan den astetik aurrera gauzatu dena. Hala, auzorako sarrera kuartelen biribilgunetik egiten da, Urdinzu zubiaren ondoan, eta horrek Aralarko Mendilerroa eta Urbia kaleen norabidea aldatzea ekarri du. Baita, Zubiondo, Urbasa Mendilerroa eta Plazaburu kaleetako zirkulazio norabidea aldatzea ere, auzo barruko trafikoa berrantolatzeko.
Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, aldaketa horiek Loiola auzoko mugikortasunaren diseinu berriaren parte dira, ibilgailuen joan-etorriak optimizatzeko eta, horrela, auzotarren eta auzoaren erabiltzaileen zirkulazioa errazteko. “Bizilagunek ibilbide luzeak egin behar zituzten leku berera iristeko. Auzo barruko mugimenduak koherenteagoak izateko, norabide aldaketak egin dira”. Aparkalekuak galdu badira ere, daudenak “nahikoa” direla uste du. “Justu, baina nahikoa”.














