Palestinako genozidioa irmoki salatu du Zinemaldiak

Donostiako Zinemaldiak gaitzetsi egin du palestinar herriaren kontra Israel egiten ari den genozidioa. Zinemaldiarentzat “jasanezinak dira horrelako basakeriak, horren terrore handia” eta su etena eskatu diote Israeli. Era berean, Hamasen “eraso terrorista” salatu dute, eta bahituak askatzeko dei egin diote.
Giza eskubide unibertsalen aldeko eta demokraziaren aldeko diskurtsoa egin dute Zinemaldiko ordezkariek, jaialdia hasi aurreko azkeneko agerraldian. Bertan, joera atzerakoiak kritikatzeaz batera, palestinar herriaren kontrako “sarraskia” arbuiatu dute: “Benjamin Netanyahuren gobernua herri palestinarraren aurka gauzatzen ari den sarraski ikaragarriak arbuiatzen ditugu, nabarmentzeari utzi gabe Hamasen eraso terrorista ere kondenatzen dugula, jakina. Biztanleria zibil palestinarra hiltzen ari dira. Haurrak erailtzen ari dira. Kazetariak eta laguntza humanitarioa eskaintzen diharduten langileak erailtzen ari dira. Gosetea erabiltzen ari dira arma gisa. Laguntza humanitarioa galarazten eta oztopatzen ari dira. Herritar palestinarren lekualdatze masiboak bortxatzen ari dira. Eraikinak suntsitzen ari dira. Are ospitaleak bonbardatzen ari dira. Umiliatu, konkistatu eta zapaldu egiten ari dira. Gaza birrintzen ari dira. Nazioarteko legeak erdeinatzen ari dira. Jasanezinak dira halako basakeriak, horren terrore handia. Amorru eta atsekabe latzak eragiten dizkigute bidegabekeriok”.
Netanyahuren politikak irmoki gaitzetsi dituzte, eta Gazan su-etena berehala eskatzeko exijitu dute. Honekin batera, urriaren 7ko palestinar talde armatuek egindako atentatuak gaitzetsi dituzte, eta israeldar bahituak askatzeko eskatu dute.
Bestelako kausekin iritzia errazago ematen duen arren, lehen aldia da Palestinaren aldeko mezu irmoa egiten duela Donostiako Zinemaldiak.