Antiguako lau igogailuen proiektua «behin betiko» bideratzea espero du udalak
Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua lotzeko azpiegitura "garrantzitsuenaren" kontratazio espedientea onartu dute.
Erregezaintza kaleko igogailuaren proiektua.Girder Donostiako Udalari asko kostatzen ari zaio hiriko mugikortasun bertikalaren proiektuak aurrera eramatea. Horren adibide garbiena da Antiguako Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua lotuko dituen igogailu multzoa. Zehazki, lau dira eraiki beharrekoak, baina oraindik ez dute bat bera ere bideratu. Dena dela, gaur aurrerapausoa eman dute lehen igogailuaren kontratazio espedientea onartuta.
Eneko Goia alkateak adierazi du lau azpiegituretatik “garrantzitsuena” dela. Era berean, aitortu du proiektuak atzerapen eta traba ugari izan dituela azken urteotan: “Zailtasun asko izan ditugu. Lehen igogailua eraiki ahal izateko, desjabetze bat egin behar izan dugu, eta konplexua izan da, adostasunik ez genuelako lortu. Horrekin batera, obren kostuen igoerak oztopatu zuen, eta proiektua berregin behar izan dugu, prezio berriekin”. Horrela ere, “behin betiko” urratsa izatea espero du alkateak. Orain, 1.354.060 eurokoa da aurreneko igogailuaren lizitazio prezioa, eta egikaritze epea, berriz, zortzi hilabetekoa.
Gainerako hiru igogailuen egoeraren berri ere eman du Goiak: “Besteak ez dira horren handiak, desnibel gutxiagokoak direlako. Erdiko biak sinpleagoak dira, eta horien proiektuak lantzen ari gara”. Laugarrena, berriz, geldirik dagoela esan du, Larramendi ikastetxearen etorkizunak baldintzatuko duelako. “Jakina denez, Larramendik beste bi ikastetxerekin bat egin du, Santa Teresarekin eta Jesuitinen zentroarekin. Egoitza nagusia Santa Teresa izango denez, ikusteko dago Antiguako eraikinaren erabilera zein izaten den”, azaldu du alkateak.
Altzako igogailua
Udalak mugikortasun bertikalari dagokion beste kontratazio espediente bat ere onartu du: Altzako osasun zentroaren inguruan dagoen desnibela gainditzeko igogailua. Anbulatorioaren irisgarritasuna hobetzea du helburu. 641.952 eurokoa lizitazio prezioa du, eta sei hilabetekoa da egikaritze epea.


