Zer ikusi Zinemaldian? Sail Ofizialeko zortzi film esanguratsu hemen

Sail Ofizialean daude, jakina da hori, zuzendari eta estreinaldi sonatuenak, Donostia glamourrez eta izarrez betetzen duten filmak. Ez dira beti Zinemaldiko lan interesgarrienak, ez eta arriskatuenak, baina maila altu-altuko zinemaren saila dela ezin uka. Aurten, inoiz baino euskal film gehiago izango dira: bi pelikula eta telesail bat. Tranpa txikia, horietako bakarra izango dela lehiaketa ofizialean: Maspalomas, hain zuzen ere.
Edward Berger zuzendari alemaniarraren Ballad of a small prayer izango da zeresana emango duen filmetako bat. Iaz, Conclave aurkeztu zuen —Aita Santuaren hautaketa prozesuaren inguruko pelikula—, Oscar Sarietarako zazpi hautaketarekin eta gidoiari sariarekin. Txinako Macao hirian dago Lord Doyle (Colin Farrell) zerbaitez ezkutatzen, jokoan eta alkoholean galduz bere egunak. Egunez egun ugaltzen ari diren zorrek itota, Dao Ming (Fala Chen) kasinoko langile misteriotsuaren ezusteko eskaintza jasoko du, eta hor hasiko da trama misteriotsua.
Augustine eta Disorder filmen zuzendari Alice Winocour paristarrak eskainiko du beste izar handi batekin datorren filma —Angelina Jolie aktorea, hain zuzen—. Couture-k modaren Parisko Astearen zalaparta betean, hiru emakumeren bizitzak ditu erdigunean. Hirurak ere borrokan ari dira munduko tragediekin eta beren bizitzako kontuekin: Maxime zinema-zuzendari estatubatuarrari minbizia diagnostikatu diote; Ada modelo hegosudandar gazteak, markaturiko etorkizun batetik ihes egin, eta ingurune fribolo batean amaituko du; Angèle makillatzaile frantziarrak, azkenik, desfileen atzealdean lan egiten du eta beste bizimodu bat izan nahiko luke.
Frantsesa den arren, Afrikan kokaturiko Sail Ofizialeko film bakarra da Le Cri des Gardes / The Fence. Izan ere, Clair Denis zuzendaria paristarra den arren, Burkina Faso, Senegal eta Somalian eman zuen haurtzaroa eta gaztaroa. Mendebaldeko Afrikako herri-lanen proiektu handi batean kokatua, Horn obraburuak eta Cal ingeniari gazteak ostatua partekatzen dute euren instalazioetako ate bikoitzaren atzean. Leone –Hornen emazte berria– bi gizonekin elkartzera datorren gau berean, gizon bat agertuko da hesiaren ondoan. Alboury du izena. Iluntasunean agertutako mamuen antzera, egun horretan bertan obran hildako anaiaren gorputza erreklamatzen du. Gau osoan jazarriko ditu bi gizonak, hildakoa entregatu arte, Leonek begien aurrean ikusten duen bitartean hondamena nola hazten den.
Historian oinarrituak
Historian oinarritutako filmen zalea bazara, zortekoa Sail Ofizialean, hiru film dituzulako horretarako: Belén, Nuremberg eta Franz. Lehenengoa, Argentinako abortuaren aldeko borrokan kokatua, 2014ean, eta Dolores Fonzi aktore eta zuzendariak jokatu eta zuzendua. Bigarrena, Nuremberg AEBetatik datorren II. Mundu Gerraren osteko epaiketa famatuan oinarritua, zeinetan nazismoaren krimenak eta haren erantzuleak epaitu nahi izan ziren. Zodiac, The Amazing Spiderman eta Murder Mistery film komertzialen zuzendariak gidatzen du filma, eta ikusteko dago ea historian oinarrituta, edo kontakizun estatubatuarretan oinarritutakoa izango den.
Azkeneko pelikula historiko nabarmena —Sail Ofizialean, beti ere— Franz Kafka idazle ospetsuaren filma dugu: Franz. Agnieszka Holland poloniarrak zuzendua, “mosaiko kaleidoskopiko” gisa sortua da, eta Kafkak munduan utziriko urratsari jarraitzen dio, hasi XIX. mendeko Pragatik, harik eta Vienan hil zen arte, I. Mundu Gerra eta gero.
Urrezko Maskorretik kanpoko bi harribitxi
Sail Ofizialean, baina lehiatik kanpo, nabarmentzeko moduko bi film daude —Karmele eta Zeru Ahoak euskarazko lanetatik aparte, noski—. Lehenengoa, In-I In Motion Juliette Binoche aktore maitatuaren lehenengo filma zuzendari moduan. Akram Khanekin batera egin zuen In-I performancearen inguruko dokumentala izango da, irudi ezezagunen bidez, sorkuntzari, haren erronkei eta horrek dakarren eraldaketa pertsonalari buruzko gogoeta egiten duena.
Bigarrena, mendiaren maitaleek mendia are gehiago maitatzeko moduko filma da. Teppen no mukou ni anata ga iru / Climbing for Life, Junji Sakamotok zuzendua.1975ean Everestera igo zen lehenengo emakumearen historia jasotzen da hemen. “Junkoren balentriak mundua txunditu zuen, fokua jarriz baina itzal handi bat proiektatuz bere lagun eta senideengan. Azken urteetan gaixotasun terminal bat diagnostikatu zioten arren, Junkok mendiei desafio egiten jarraitu zuen. Zer izan ote zen gailurretatik haratago ikusi zuen azken gauza?”.