73. Zinemaldiaren egitaraua eta sarreren informazioa, osorik
Zinemaldia bertan da, eta, ohikoa den eran, zinemazaleak krokisak egiten hasi dira. Ez da gutxiagorako. 600 emanalditik gora izango dira Zinemaldiko bederatzi egunetan, hilaren 19tik 27ra bitarte.
Programazioa osorik argitaratu dute, eta hemen ikus dezakezu, egunez egun. Irailaren 10ean, 11n eta 12an, 2,50 euroko prezioan salduko dira filmez film gidak Zinemaldiko bulegoan (Tabakalerako bigarren solairuan, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:00etara). Larunbatetik (hilaren 13a) aurrera, eskuragarri egongo da Zinemaldiak Kursaalen gaitzen duen informazio gunean (irekita 13tik 18ra 9:00etatik 20:00etara eta 19tik 27ra 8:30etatik 22:00etara).
Sarreren salmenta
Sarreren salmenta orokorra igandean –hilaren 14an, goizeko 9:00etan– hasiko da. Egun horretan Zinemaldiaren lehen hiru egunetarako sarrerak erosi ahalko dira (ostirala 19, larunbata 20 eta igandea 21); hilaren 15ean (astelehena), berriz, 22rako (astelehena), 23rako (asteartea) eta 24rako (asteazkena) sarrerak erosi ahalko dira, aurreko jardunaldietako sarrera eskuragarriez gain; hilaren16an (asteartea), azkenik, 25erako (osteguna), 26rako (ostirala) eta 27rako (larunbata) sarrerak erosi ahalko dira, baita gainerako emanaldietarakoak ere.


