Zinemaldiko perla nagusiak ezagutzeko gida

Zinemaldiko Perlak sailean goi mailako filmak jasotzen dira, normalean aurrez estreinatu direlako, Sail Ofizialean ez daudenak. Izen eta izar handiak izan ohi dira bertan, eta, batez ere, film oso gomendagarriak.
Aurten, zalantzarik gabe, bada ikusmira handia sortuko duen film bat: The Voice of Hind Rajab. Veneziako jaialdian estreinatu berri, 23 minutuko txalo zaparrada jaso zuen, eta publikoaren saria. Zergatik? Palestina jasaten ari den genozidioa islatzen duen filma delako. 2024ko urtarrilaren 29an Hind Rajab 6 urteko neskatila eta haren familia erail zuen Israelgo armadak. Neskatila auto batean harrapatuta geratu zen, eta Ilargi Erdi Gorriari telefono deia egin zion. Telefono dei hori oinarri duen film gogorra, begiak irekitzeko balioko duena.
Raoul Peck zinema zuzendari haitiarrak sinatutako film —ia ziur— sendo eta biribila izango da 1984. Orwell: 2+2=5. Zinema politikoan sekulakoak zuzendu ditu Peckek (Marx gaztea, Ni ez naiz zure beltza eta Exterminate all the brutes, esaterako), eta Orwellek aurreikusitako distopia gaur egungo begiradatik aztertuko du. Zetaken Mitoaroa III-n ikusiko dena jada hasi gaitezke aurreikusten.
Zinema zaleentzat zinema egiteak mantentzen du zinema bizirik —badirelako, noski, zinema maite ez dutenentzako pelikula mordoa…—. Hau izango da horietako bat: Nouvelle Vague. Jean Luc Godard zinema zuzendariaren bizitzan oinarrituta, 1959ko À bout de souffle filmaren grabaketa birsortu, eta Nouvelle Vague-aren sorrera ikusiko dugu, Richard Linklater zuzendariaren eskutik.
Venezian kritika onak jaso dituen beste film esanguratsu bat izango da Le Mage du Kremlin, Kremlineko magoa. Vladimir Putin presidentearen eskuineko eskua izan den Vadim Baranoven bizitza jasotzen da bertan, Putinen figura eraikitzen lagundu zuen pertsonaia, hain zuzen. Atzera egin arren, garaira begira jarriko gaituen filma, inondik inora ere.
Veneziatik dator, baita ere, Paolo Sorrentino zuzendaria, La grazia-filmarekin. Erretreta hartzekotan den Mariano De Santis Italiako Errepublikako presidentea gorpuztuko du Toni Servillok, eta hainbat erabaki hartu behar dituela eta, atzera begira jarriko da, politikaz, etikaz eta estatuaz hausnartzeko.
Yorgos Lanthimos bada, ez da inor hozbero geratuko. Emma Stonerekin badator, are gutxiago. Eta trama honekin zer esanik ez: bi gazte konspiranoikok konpainia handi bateko presidente boteretsua bahitu dute, emakumea Lur planeta suntsitzeko asmoz dabilen estralurtar bat dela sinetsita. Los educadores-en bertsio gaur eguneratua, akaso?
Besterik ere bada, baina nabarmentzeko azkenengoa Ozonen film berria da. Iaz Quand vient l’automne film ederrarekin aritu zen sail ofizialean, ohiko tonu polemikotik ihes, ikusteko dago ea oraingoan zer gogoeta egin nahiko duen L’étranger lanarekin. Aljerian kokatua, 1938an, ama hil berri duen gizon batek bere lankide batekin maitasun istorio bat abiatuko da, haren bizilagunak bizitza ezinezko egiten hasten zaion arte. Tira, egun batean hondartzan gertakari tragiko bat gertatzen den arte.