Euskararen aurkako azken sententzia salatzeko elkarretaratzea egingo dute

Epaitegi batek baztertu egin du Donostiako mugikortasun agenteak egonkortzeko prozesuan euskarazko bigarren hizkuntz perfila eskatzea. Beraz, hiriko mugikortasun agente izateko ez da beharrezko euskaraz jakitea. Horren aurrean, Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak elkarretaratze bat egingo du etzi 12:30ean, Alderdi Ederren, udaletxearen aurrean.
“Azken hilabete luze hauetan, epaileek, zenbait abokatu eta sindikaturen laguntzaz, martxan jarritako euskararen aurkako oldarraldi indartsua bere horretan jarraitzen du, euskaldunek Euskal Herrian lan eta euskaraz bizitzeko dugun eskubideen urraketetan urrats berriak emanez bata bestearen atzetik”, deitoratu du batzordeak.
Epaitegiak hartu duen erabakiaren kritiko azaldu dira: “Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegi honek sententzia honek berresten du udal lanpostu guztiei hizkuntza eskakizuna jartzea ez dela legezkoa, nahiz eta Udal langileek azken urteotan beren burua euskalduntzeko bitarteko guztiak jaso dituzten eta asko eta asko euskaldundu diren”.
Hori dela eta, batzordeko gehiengoa osatzen duten ELA, LAB eta ESAN sindikatuek, Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, asteazkeneko elkarretaratzera deitu dute.