«Kezkatuta nago, epai hauekin atzeraka pausoak ematen ari garelako»
Eneko Goia alkateak "desadostasuna" agertu du hiriko mugikortasun agenteen euskara eskakizunaren inguruko sententzia dela eta.
Eneko Goia alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Donostiako mugikortasun agentea izateko ez da beharrezkoa euskaraz jakitea. Hori ebatzi du Administrazioarekiko Auzien 1. epaitegiak. Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, Eneko Goia alkateari sententziaren inguruan galdegin dio hedabide honek. Goiak agertu du ebazpenarekiko “desadostasuna”.
Euskararen kontrako gainerako epaiekin gertatu den modu berean, horien kontra dagoela berretsi du: “Euskadin bi hizkuntza ofizial ditugu. Mugikortasun agenteek harremana dute hiritarrekin, eta hiritarrek eskubidea daukate beraien harremana euskaraz izan dadin, eta horrek ez du hori bermatzen”.
Gertatzen ari denarekin ez dago batere konforme. “Kezkatuta nago, epai hauekin atzeraka pausoak ematen ari garelako”, deitoratu du alkateak. Horrez gain, aurreratu du azken sententziaren aurrean zer egin aztertzen ari direla. “Zerbitzu juridikoen esku dago”, gaineratu du.


