Euskara lehenesteko eskatu dute ELA, LAB eta Esan sindikatuek
'Euskaraz lan egin eta bizi nahi dugu. Erasorik ez' lelopean, hiriko mugikortasun agenteen euskara eskakizunaren sententzia kritikatu dute.

Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian, udaletxearen aurrean. Jon Insausti Euskara zinegotziak, udaleko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariek parte hartu dute, besteak beste. Euskararen kontrako azken ebazpena salatu dute, Donostiako mugikortasun agenteen euskara eskakizunari dagokiona. Hau da, agenteek ez dute derrigorrez B2 maila izan beharko.
ELA, LAB eta ESAN sindikatuek osatzen dute langile batzordearen gehiengoa. Euskaraz lan egin eta bizi nahi dugu. Erasorik ez lelopean, gertaturikoa salatu dute: “Azken hilabete luze hauetan, epaileek, zenbait abokatu eta sindikaturen laguntzaz, martxan jarritako euskararen aurkako oldarraldi indartsua bere horretan jarraitzen du, euskaldunek Euskal Herrian lan eta euskaraz bizitzeko dugun eskubideen urraketetan urrats berriak emanez bata bestearen atzetik”.
Elkarretaratzearen ostean, Insaustiren adierazpenak jaso ditu Berria egunkariak. Udalak sententziaren aurkako helegitea aurkeztuko duela aurreratu du euskara zinegotziak. Eneko Goia alkateak asteartean esan zuen zerbitzu juridikoak aukera hori aztertzen ari zirela. Bestalde, Insaustik nabarmendu du aurretik hizkuntza eskakizunen kontra jasotako gainerako epaietan ere horixe bera egin izan dutela, eta aldeko bi epai ere jaso dituztela auzibide horietan: “Hori ere esan egin behar da”.