'27 gau', zahartzaroa eta bizitzaren komedia

Sail Ofiziala
Filma: 27 gau / 27 noches.
Zuzendaria: Daniel Hendler.
Leandro Casares. Tipo inpartzial, apolitiko eta asexuala. Epel bat. Apaiz bat, baina sexya. Halaxe deskribatzen du Martha Hoffmanek (Marilu Marini, marabillosa bat) Casares (Daniel Hendler, filmaren zuzendaria ere badena). Normala emakumeak mesfidantza puntu batekin begiratzea: Hoffmanek 83 urte ditu eta bere alabek eroetxean sartu nahi dute. Epaileak, hori argitzeko –alegia, ea dementziarik duen argitzeko–, bidaltzen du Casares teknikaria bere etxera.
2003an, Argentinan, benetan gertatutako kasu batean oinarritzen da filma. Hoffmanen alabek, Olgak eta Myriamek, bere borondatearen kontra sartuko dute eroetxean, eta, 27 gauren ostean, Hoffmanen lagunei esker, ihes egingo du emakumeak. Honela, bada, epaiketa hasiko da, eta txosten eta elkarrizketa artean, benetan dementzia duen edo ebazten saiatzeko ardura du Casares perituak.
A, noski. Arazo nagusia da Hoffman parrandazale hutsa dela, eta autogestionatutako gune kultural batean ibiltzen dela, droga, dantza eta sexua erdigunean duen kolektibo gazte batekin. A, eta noski, Hoffman zeharo aberatsa dela eta bere alabek haien etorkizuneko herentzia desagertzen ari dela ikusten ari direla.
Komedia argentinarraren puntu guztiak ditu. Pertsonaia errealistak eta ez sobera karikaturizatuak. Umore garratza eta sarkasmoa. Problematika sozialak eta eguneroko ogia. Hori bai, komedia on guztiek eskatzen duten moduan, arketipo klasikoen funtzionamendua du. Emakume aske eta bizizalea vs. funtzionario aspertu eta zaporegabea. Batak bestea elikatuko du, amaieran, sintesiaren bidez, auziari ebazpena emanez: “Zer egiten duzu bizirik egoteko, Casares?”.
Era berean, zahartzaroaz eta buru gaixotasunaz mintzo da filma. Gizartean erdigunea duten, baina era beran tabu diren bi gai. Pertsonak klasifikatzen dira “galdera eta erantzunen” bidez, kontuan izan gabe gizartearen moral produktibista. “Ezin ahal da izan zaharra eta festazalea?”, galdetzen diote Casaresi. Noski, kasu honetan herentzia den problematika soziala dagoela erdigunean. Albert Plaren bideo biral hori ezin kendu burutik inongo unetan.
Spoilerrik egin gabe, esperotakoa jazotzen da, eta, ez dakit, batzuetan, esperotakoa jazotzea bada atsegingarria. 73. Zinemaldiko Sail Ofiziala gisa honetako komediarekin inauguratzea ez da izan denen gustukoa. Baina filmak badu puntu gozagarria. Aizu, eta ez da gutxi, puntu honetara iritsita.