Donostiarrako bi traineruek asteburu erabakigarria dute aurretik
Emakumezkoen ontziak Euskotren ligan jarraitzeko jardunaldi bikoitza izango du; bihar, Bermeon, eta, etzi, Portugaleten.

Bizkaiko uretan bukatuko da ligen arraun denboraldia. Bi estropada baino ez dira falta, eta biak dira erabakigarriak. Euskotren eta Eusko Label ligako kanporaketak jokatuko dira, gizonezkoen azken puntuak banatzearekin batera. Beraz, Donostiarrako bi traineruek zerbait izango dute jokoan. Batez ere, emakumezkoen Bantxa ontziak.
Kontxako Banderan sasiko mailarik onena erakutsi ondoren, Donostiarrak konfiantzarekin egingo dio aurre Euskotren ligan jarraitzeko kanporaketa bikoitzari. Bihar, Bermeon ariko dira (17:35ean), itsasoan. Irabaztea litzateke abantailarik onena bigarren estropadari aurre egiteko. Hau da, etzi, Portugaleten (11:20ean). Arerioak ondo ezagutzen dituzte; Zarautz eta San Juan KAE ligako bi onenak, eta Galiziako ligan bikain aritu diren Chapela eta Tiran. Bost traineruetatik bakarrak lortuko du datorren sasoian Euskotren ligan lehiatzea. Donostiarra izan dadila.
Eusko Label ligan ere kanporaketa jokatuko dute hainbat traineruk, baina Donostiarrak ez du halako kezkarik. Denboraldi oso txukuna daramate, eta azken bi estropadetan banderaren bat astintzeko aukera izan dezakete. Kontxan baliteke espero baino apalago aritu izana, baina gaitasuna badute Bermeon edo Portugaleten aurretik izan dituzten bi ontziak gainditzeko: Orio eta Zierbena.