Lurdes Iriondo: ibili zen, zikindu zen eta orain... oroituko dugu

Zinemira
Filma: Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako
Zuzendaria: Inge Mendioroz Ibañez
Arriskua dago gaur egungotik irakurtzea iragana. Iraganetik irakurri behar da iragana, eta, asko jota, iraganean izandako posizioa gaur nolakoa izango zen galdetu. Stuart Hallek esaten duen moduan: Gramsciren hitzak gaur egun nola ulertzen diren, baizik eta Gramscik, gaur egun, zer irakurketa egingo lukeen aztertzea. Ariketa errepikatzea.
Lurdes Iriondo gaur egungo begiradatik erreskatatzeak baditu hor argi-ilun batzuk. Hipotesi okerrean erortzeko arriskua dago, Iriondo ahanzturan geratu izana injustizia ulertezin gisara ulertuz. Lete, Laboa eta Artze —Ez Dok Amairuko hirukote ezagunena— ezagunagoak izan daitezke, bai, baina, ez al dira hauek ere ahanzturan, Laboaren hit eta Artzeren tabernetako koadroetan diren poema hutsak? Alegia: transmisioan erroko arazo bat egon da euskal kulturan, azaleko informazio, irakaspen eta jarrera etikoak transmitituz.
Hau esanda: bada garaia Lurdes Iriondoren gisako kantari erraldoi honekin justizia egiteko. Eta, bai, aldarrikatzeko nola, emakume izanagatik ere, horrek suposatu zion zailtasun guztiarekin, izan zela Euskal Herriko lehenengo pop izarra. Egituraz hitz egiten du Jule Goikoetxeak, marko teoriko feminista apropos eta sakona eskainiz Iriondoren berrirakurketari. Inge Mendioroz Ibañez zuzendariak argi izan du begirada: emakumeen ahotsetik soilik entzungo dugu narrazioa. Etxeko Lurdes, haur literatura egiten zuen Lurdes, Lurdes ausarta, Lurdes abertzalea… Lurdes mordoa ezagutzen ditugu haren lagun, senide eta kideen ahotsetatik.
Pantxika Erramuzpe, Maite Idirin eta Estitxu Robles Arangizen hitz hartzeak dira urre gorria. Euskal musikaren genealogia bizia. A ze indarra eta ze ausardia eta a ze kantu ederrak. Folkaren eta klasikoaren gainetik, berrikuntza, rocka, bluesa eta proto funkya. Ze garapen izango lukeen Euskal Herriak beste bide batzuek izan balute indarra!
Zeren katea ez da norabide bakarrekoa, eta hor ere argi-iluntxoak. Lurdes Iriondo izan zen handi-handia, hori bistan da. Baina zergatik geratu zen ahanzturan Biurriak taldea? Ye-ye doinuekin eta minigonekin Garmendia ahizpek sortua? Ez Dok Amairu inflexio une bat izan zen, baina ez da kate begien hasiera. Ehun urte lehenago, 1889an, Rosario Artola bertsolari donostiarrak gitarrarekin abesten zituen koplak: Nik guitarcho bat baidet / Maite eta lagun.
Dokumentalak argitara ematen duen beste harribitxi bat Maite Barnetche (1941-1986) kazetariarena. 1971 eta 1985 artean, zuzendu zuen “Euskal Herria Orai eta Gero” telebista emankizuna Frantziako telebebista. Maite Barnetche izan zen lehena euskarazko emankizun bat egin zuena, 1971ko urriaren 4an, lehen aldikoz FR3 telebistan ikusgai izan zena. Eta bera aritu zen Ipar Euskal Herriko musikarien xerkan. Tartean, aipatu Estitxu eta Pantxikaren elkarrizketak bertatik atereak dira, besteak beste.
1960-1970eko Euskal Herritik asko dugu, oraindik, ikasteko eta ikertzeko. Zer izan zitekeen eta nola. Dokumental eder honek baieztapen argi bat jartzen digu: ez dezagun ahaztu Lurdes Iriondo kantaria. Galderak geratzen dira orain erantzuteko: zergatik utzi zuen benetan eta betirako musika? Zergatik gutxietsi da haur literaturan egindako lana? Zergatik da horren zaila bere katalogoa eskuratzea? Zergatik ez dakigu ondo zergatik banatu zen Ez Dok Amairu? Zergatik ditugu beti horrenbeste galdera irekita?
Ez zen alferrik pasa Lurdes. Eta ez da lan xamur hau alferrik pasako ere. Ikusteaz gain elkarrekin hitz egiten badugu, behintzat.