Mugikortasun agente izateko euskaraz jakitea ez da beharrezkoa
Euskararen aurkako oldarraldiak bere horretan jarraitzen du. Epaitegi batek baztertu egin du Donostiako mugikortasun agenteak egonkortzeko prozesuan euskarazko bigarren hizkuntz eskakizuna eskatzea. Udala eta hainbat eragile erabakiaren kontra agertu dira.

Azken hilabeteotan, epaileek, zenbait abokatu eta sindikaturen laguntzaz, martxan jarritako euskararen aurkako oldarraldi indartsuak bere horretan jarraitzen du, euskaldunek Euskal Herrian euskaraz lan egiteko eta euskaraz bizitzeko dugun eskubideen urraketetan urrats berriak eginez bata bestearen atzetik», deitoratu du Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak. Hain zuzen ere, hilabete hasieran, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren testuinguruan kokatu beharreko beste epai bat atera zuen Donostiako administrazioarekiko 1. epaitegiak. Zehazki, baztertu egin du Donostiako udal mugikortasun agenteak egonkortzeko prozesuan euskarazko bigarren hizkuntz eskakizuna exijitzea.
Epaitegiak onartu egin du Mugikortasun Saileko bitarteko funtzionario batek jarritako errekurtsoa, Ignacio Lopez Lera abokatuak ordezkatua. Langile hori, egonkortze prozesutik kanporatu zuten —bederatzi postu eskaini zituzten—, aipaturiko euskara eskakizuna betetzen ez zuelako. Horren aurrean, oso kritiko agertu da udaleko langileen batzordea: «Sententzia honek berresten du udal lanpostu guztiei hizkuntza eskakizuna jartzea ez dela legezkoa, nahiz eta udal langileek azken urteotan beren burua euskalduntzeko bitarteko guztiak jaso dituzten eta asko eta asko euskaldundu diren».
Azken epaia salatzeko, herenegun, elkarretaratzeak egin zituzten. Bata, langileen batzordeko gehiengoa duten ELA, LAB eta ESAN sindikatuena, eta, bestea, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak deiturikoa.
«Desadostasuna»
Eneko Goia alkateak ebazpenarekiko «desadostasuna» agertu du. Era berean, euskararen kontrako gainerako epaiekin gertatu den modu berean, horien kontra dagoela berretsi du: «Euskadin bi hizkuntza ofizial ditugu. Mugikortasun agenteek harremana dute hiritarrekin, eta hiritarrek eskubidea daukate beraien harremana euskaraz izan dadin, eta horrek ez du hori bermatzen».