Serafinekin datorren urtera arte esango diete udako jaiei altzatarrek
Arriagako serafinak bigarrenez ospatuko dituzte asteazkenetik astelehenera bitartean, Altzako zazpi auzuneetan. Horietan barrena ibiliko den batukadak jaien hasiera iragarriko du eta Harria parkeko txosnagunera eramango du Txupin.

Jolastokietako jaien ondotik, Altzako auzuneetako azken festak helduko dira asteburuan: Arriaga serafinak. Berezko jairik ez zuten zazpi gune alaitzeko antolatzea erabaki zuten hainbat lagunek duela pare bat urte, eta, hala, Erroteta, Arrizar, Arriberri, Santa Barbara, Elizasu, Los Boscos eta Darieta lotzen dituzten festak sortu zituzten. Iazko estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, bueltan dira, asteazkenetik astelehenera, hilaren 24tik 29ra, luzatuko den jarduera zerrendarekin. Hemen daukazue egitarau osoa.
Lehen urtea izanda zalantzak bazituzten ere, «oso ondo» joan zela dio jai batzordeko kide Roberto Arinek. «Jendeak lagundu zigun eta parte hartzera animatu zen. Balorazioetan, hamarretik zortzi bat jarri ziguten». Are gehiago, eskerrak ematen dizkiete «hilik dagoen auzo honetan ondo pasatzeko zerbait egiteagatik».
Badaki auzotarren artean batzuk jaien esperoan daudela. Haientzat eta gainerako adin guztietako bizilagunentzat, «denetarik» antolatzen saiatu dira; baita zazpi guneetara iristeko ahalegina egin ere, San Tomas eta bestelako jardueren bidez bildutako dirua baliatuta. «Poltsa» osatu dute eta horrek, aurrekontua handitzeaz gain, aukera eman die jende gehiago batzeko.
Aisiarako aukera gutxi dagoen auzune horietan jaiak antolatu izana esker onez hartu dute bizilagunek
Batukadarekin ekingo diote antolatutakoei. Elizasutik abiatuta, auzune guztietan barrena joango dira, eta Errotetara iristean, bizilagun batek etxeko balkoian duen Txupin jasoko dute. «Guk egindako panpina bat da, jaien protagonista. Bizarzuri adardun baten modukoa [barrez]». Harria parkera eramango dute pregoirako eta txosnan zintzilikatuko dute, azken egunean agur esan arte.
Danborrada, berritasun
Astelehenean helduko den une horren aurreko bost egunetan berrikuntzarik ez da faltako. Esaterako, danborrada aurrera eramango dute eta parte hartzeari dagokionean, jada, arrakastatsua izan da, hainbat lagun kanpoan utzi behar izan baitituzte. «Ehun genituen eta gehiago izatea astakeria iruditzen zitzaigun», aitortu du Arinek.
Asko makilak astintzeko aukerarik gabe geratu badira ere, beste hamaika kontutan parte hartzeko aukera izaten jarraitzen dute auzotarrek: kantujira, Extremadurako dantzak, motozaleen topaketa, DJ-ak, liburu aurkezpenak… Altzako Historia Mintegiak egindako horma irudian jaso duten historiaren berri emango du: «Asko inplikatu dira, gogotsu daude eta esan digute gauzak egin nahi dituztela».