Zubietan hasi nahi dute puntuak batzen
Realeko belar hockey taldeak Club de Campo txapeldunen kontrako porrota ahazteko partida jokatuko du etzi, Terrassaren kontra.

Hasiera guztiak ez dira berdinak izaten, batez ere, arerio zailena tokatzen bazaizu. Realeko belar hockey taldeak Madrilgo Club de Camporen zelaian hasi zuen denboraldia. Hau da, pasa den sasoiko txapeldunaren etxean. Aurre egiten saiatu arren, galdu egin zuten (4-1). Porrot hura ahazteko aukera dute etzi, Zubietako estreinaldian. Terrassa hartuko dute, 12:00etan.
Futbolean, Realeko mutilek gaur jokatuko dute Betisen kontra, Sevillako La Cartuja zelaian (21:00). Bai ala bai behar dituzten hiru puntuak lortzeko lekurik errazena ez da. Horrela ere, ezustekoa ematen saiatuko dira. Lau partidetan bi galdu eta bi berdindu ostean, giroa gaiztotzen hasi da zale txuri-urdinen ingurumarian. Beraz, garaipenak sentsazioa arintzen lagundu dezake.
Realeko nesken egoera zeharo bestelakoa da. Sailkapeneko hirugarren tokian daude bi neurketa irabazita eta bat berdinduta. Txuri-urdinek oso sendo abiatu dute denboraldia, eta hori berresteko aukera ona izango dute bihar, Zubietan (18:30). Harmailak beteta ikusi nahi dituzte Levanteri aurre egiteko. Sailkapeneko putzuan daude valentziarrak, baina ez da batere fidagarria haien kontra aritzea, maila izan badutelako.
PARTIDAK
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 2. jardunaldia
- Reala – Terrassa (etzi, igandea, 12:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 5. jardunaldia
- Betis – Reala (gaur, ostirala, 21:00)
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Reala – Levante (bihar, larunbata, 18:30)