Herri bazkari jendetsua egin dute Plaza Haundin

Ostegun arratsaldean hasi ziren ofizialki Porrontxoak haurren eta kuadrillen jaitsierekin. Plaza Haundin amaitu ziren biak eta ordutik jaien bihotza izaten jarraitzen du topagune horrek. Hain zuzen ere, bertan aurrera eraman dute herri bazkari jendetsua. Dozenaka lagun elkartu dira mahaien bueltan elkarrekin otordua egin eta hainbat topa egiteko ere. Bakoitzak bereak erabakiko zituen, baina zenbait proposamen egin dizkie Ekhiñe Atorrasagastik ere eszenatoki gainetik. Ez daudenak izan dituzte gogoan, baita Palestinako genozidioa ere. Lehenei bertsoak ere jarri dizkiete, plazak irudiz bezala, espetxeak ere husteko eskatuz.
Herri bazkariaren aurretik, hamaika kontu izan dira auzoan. Giroa zabaltzen joan denetako bat, kalez kale ibili den danborrada izan da. Haur eta heldu, makilei eragiten aritu dira gogotsu. Sukaldari eta soldaduen jantziak alboratuta, kolore biziagoak nahiago izan dituzte, baita apaingarri deigarriak ere. Azken piezak plazan bertan egin dituzte bazkariaren aurretik. Ohiko martxa bat beharrean, Doraemon marrazki bizidunetako musika izan da jo duten azkena. Ondoren, talde argazkia egin eta bazkaltzera joan dira.
Hemen goizeko irudi batzuk.





















































