'Le cri des gardes': kolonialismoa, itzaletatik argitara

Sail Ofiziala
Filma: Zaindarien oihua / Le Cri des Gardes / The Fence
Zuzendaria: Claire Denis (Frantzia)
Obra erraldoi bat Mendebaldeko Afrikako herrialde batean. Gauaren erdian, ondoko herriko gizon bat heltzen da obrako hesiaren beste aldera. Alboury du izena gizonak, eta obran goiz horretan hil den Nouofia anaiaren gorpua eskatuko dio Horn obraburuari. Elkarrizketa gau osoan zehar luzatzen da, hesiaren bi aldeetan kokatuz bi gizonak. Horn gero eta urduriago, Albouryk ez du ahotsaren tonua segundo bakar batez ere altxatzen.
“Normala da obretan langileak hiltzea”, esaten dio Hornek. Noski dela normala. “Ohiko heriotza tasen barruan” daudela argudiatzen du. Lan istripuekiko dagoen zinismoa ezin hobeto islatzen du Hornen erru sentimenduak. Baina ezkutatzen du beste zerbait. Horregatik ez dio gorpua itzuli nahi, badakielako ez dela “ohiko” istripu horietako bat izan.
Albouryren figura biziki indartsua da. Elkarrizketa sakona eskaintzen du, belaunaldi guztiek bere bitartez hitz egingo balute bezala: “Laudorioak erabilgarriak dira, baina soilik hasieran”. Bere anaiaren gorpua nahi du, ez besterik, eta, beraz, zein da arazoa? Zergatik ez dio itzuli nahi?
Gaua ilunen bihurtzen da egunsentiaren aurretik. Hornek bere kideak egindakoa ezkutatu nahi du. Tramari argia gehitzen dio Leonek, Hornen emazte berriak. Gau horretan bertan iritsi da obrara, eta bere begietan ikusiko du kapitalismoaren alderdi egiazkoena. Gizontasunaren, diruaren, biolentziaren eta alkoholaren artean, Leonek itzalari kontrapuntua eskaintzen dio. Argi dago, edonola ere, bere paperak ez duela aldatuko ezer.
“Jende xumeak gauza sinpleak nahi ditu, eta horiek lortu arte ez du atsedenik hartuko”. Ez du ulertu nahi obra-buruak. “Zergatik axola zaizu horrenbeste zure anaia?”, galdetzen dio. Hornek ez da “anaia” bat ikuste, ez duelako pertsona bat ikusten. Berarentzat langilea da, hil egiten den langile bat gehiago.
Kolonialismoa, diru-gosea eta langile matxinadaren beldurra dira atze-oihala. Europako kolonialismoaren azken egunak dira, Txinak erosi duelako Afrika. Zenbat Nouofia izango dira oraindik, gizatasunik gabeko lukurreriaren lurrean?