'Los Tigres': zaintza lanak itogarriak bihurtzen direnean

Sail ofiziala
Filma: Los Tigres
Zuzendaria: Alberto Rodriguez, Espainia.
“Bizitza osoa daramat ur azpian, kanpoan ez dakit egoten”. Antonio urpekaria da (Antonio de la Torre), bere aita urpekari famatua izanik, Tigreen leinuaren izen ona eramatea da buruan duen ardura bakarra. Arreba ere urpekaria du, baina bizitza osoa zaintzari lotua eman du Estrellak (Barbara Lennie zoragarri bat), bizitza osoa bigarren planoan egotera derrigortua.
Huelvako paisaia industrial eta proletarioan badirudi ez dagoela besterik, zure patua ganoraz betetzea baino. Itsasontzi azpira sartu, lan arriskutsuak egin eta bihar berdin. Egunak badoaz eskafandren mundu txikian, baina, noski, kanpoan bada mundurik. Antonioren emazteak salaketa jarri dio pentsiorik pasatzen ez diolako. Ez da alabez arduratzen egunerokoan, soilik hondartzara eraman eta “bizitazko gauzak” erakusten dizkie. Eta, noski, hori ez da nahikoa.
Ataka horretan, dirua lortzeko, barku batek garraiatzen duen droga hartzeko plana egin du Antoniok, eta Estrellak lagundu. Estrellak, beti bezala, lagundu. Arazoak hemen hasiko dira eta ur azpiko eszena itogarriekin batera, biolentzia eta tentsioa handituko da trama osoan zehar.
Pelikularen garrantzitsuena, ordea, tramaren atzean gertatzen dena da. Estrella arreba zaintzailearen papera. Inoiz entzuna izan ez den emakume adoretsu eta inteligentea. Ez zuen zertan adoretsu eta inteligentea izan behar entzuna izateko, baina, tira, horrek okerragoa egiten duela dirudi. Estrellak bere amets guztiak utzi behar izan zituen aita zaintzeko (“oso exigentea izan zen hiltzen”), eta ahotsa apaldu anaiaren izena indartzeko: “Norbait Tigrea izan zedin, beste norbait geratu behar zen hemen”.
Eta, horixe ikusten duguna. Gizonen eta gizontasunaren atzean sostengatzen den zaintza lana. Berdina ur azpian eta kanpoan. Giroa beti da itogarria parekidetasunik ez dagoenean.