Zurriolako zubitik zintzilikatu dira Palestinaren aldeko bi ekintzaile, ehunka lagunen babesarekin
Zubia moztu dute bi ekintzailek Palestinaren alde Zinemaldiko funtzio hoberena, oraingoz, Palestinarekin Elkartasuna plataformak zuzendu du larunbat arratsaldean. Milaka laguneko manifestazioa Kursaal paretik pasa da Zinemaldiaren muturretan genozidioa oroituz. Manifestazioa Zurriolako zubira heldu denean, bi ekintzaile soka beretik zintzilikatu dira eta ehunka lagunen babesarekin hiru ordu eta erdiz moztu dute pasabidea.
Ekintzaileen segurtasuna bermatzeko, manifestariek zubia moztu dute eta ez diote inori pasatzen utzi, giza katea osatuz. Izan dira oinezkoekin liskar bat baino gehiago, baina ekintzaileek haien helburua lortu, eta Palestinako genozidioa izan da beste behin protagonista.
21:30ean, suhiltzaileak iritsi dira –ordurako euri zaparradak bustita eta hotzak jota zeuden ekintzaileak– eta banan-banan igo dituzte zintzilik ziren bi ekintzaileak. Kursaaleko aldean ertzain ugari batu dira, istiluen aurkako materialarekin, baina manifestariak Parte Zaharrerantz joan dira, eta ez dute inor identifikatu. Parte Zaharreko kaleetan zehar, garaipen zaporea izan duen manifestazioa inprobisatu dute.
Urriaren 4ean, Iruñera joateko deia
Palestinarekin plataformak salatu duenez, Israel “bere helburua” betetzen ari da: lurreko eraso bidez Gazako hiriburua erabat suntsitzea. “Palestinako biztanle guztiak akabatzeko planarekin aurrera doa. Eta plan hori Palestinako lurralde osoan burutzen ari da, bai Gazan, baita Zisjordanian ere”.
Salatu dutenez, genozidio hori gertatzen ari den bitartean, nazioarte mailan dagoen erantzuna ez da nahikoa: “estatuek ez dute ezer egiten, erakundeak eta enpresak konplizeak dira, eta ustezko ordezkari politikoek adierazpen lotsagarriak egiten dituzte, bi estatuetan oinarritutako konponbidea defendatzen”.
Estatuez harago, “herriak kaleak hartu” dituela txalotu dute, “presioa jartzen, boikota egiten, errepideak mozten, portuak eta unibertsitateak geldiarazten, Gazarantz joaten, potentzia kriminal horren normalizazioa salatzen eta Palestinako herriari benetako elkartasuna adierazten”.
Honela, urriaren 4ean Iruñean egingo duten manifestazio erraldoian parte hartzera deitu dituzte herritarrak.


