'Bariazioak': dolu guztiek bere denbora

Zabaltegi Tabakalaera
Filma: Bariazioak
Zuzendaria: Lur Olaizola
Sistiagaren …ere erera baleibu izik subua aruaren… etorri zait lehenengo eszenarekin. Baina esperimentutik ezer ez, eta narratiba sinplean jartzen gaitu Olaizolak. Nola bizitzen da dolua bizitzak normal jarraitzen duenean zure inguruan?
Aitaren jertsea, aitarekin lotuta dauden musikak, taberna,, autoa… Dena lotzen du, Maitek (Edurne Azkarate erabat sinesgarri bat), hain zuzen, aitaren doluarekin. Kontua da denok dugula gure dolua, bariazio txikiekin. Denok bizi dugu antzeko zerbait: sufrimendua geure buruetan gertatzen da, eta beraz, erabat subjektibizaturik dago.
Ezin diozu esan pertsona bati bere aitaren heriotzak ez duela garrantzirik, Gazan haur batek familia osoa galdu duelako. Berdin, ezin diozu esan norbaiti bikotekideak zu abandonatzea ez dela larria, aita hil berri duzulako zuk. Edo bikotekideak abandonatzea larriagoa dela yoga egiteko denborarik ez izatea (edo tira, jarri nahi duzuna),
Minarekin zer egiten dugun, horixe gakoa.
Noski, heriotzak bestelako modu batean kolpatzen du egunerokotasuna. Lehen ohikoa zen ausentzia egoeretan hildakoaren presentzia are nabarmenagoa egiten baita. Alegia, egunerokotasunean presentzia larria hartzen duela. Pelikula txikietan ez dago gauza asko kontatzerik, baina Olaizolak ezin hobeto islatu du dualtasun hori. Etengabe dator hildakoa, elkarrizketa guztietara. Beldurretik oroitu baino, maitasunetik oroitzeak lagundu dezake. Baina horrek ere denbora behar du. Eta film laburretan ez dago dolua gainditzeko denborarik. Argazki horrekin geratzen gara, beraz.