'Couture': moda munduaren «alferrikako» arazoak

Sail Ofiziala
Filma: Couture
Zuzendaria: Alice Winocour (Frantzia)
Jakin beharko genuke jada, baina izar handiak izateak ez du pelikula handirik bermatzen. Ezta? Halaxe gertatzen da Angelina Jolie eta Couture filmarekin. Maxine Walkerren rola jokatzen du Joliek, serie b gisako beldurrezko filmen zuzendaria da, astebetez Parisko Modaren Astean egongo da, eta, bertan, bere hauskortasunarekin jarriko da aurrez aurre.
Moda munduan dabiltzan pertsonaien bizitzak eta arazoak dira ardatza: idazle izan nahi duen makilatzailea, Sudanetik eta Ukrainatik ihes egin duten modeloak, minbizia topatu berri dioten zuzendaria… Benetako arazoak dituzten gezurrezko pertsonak dirudite. Alegia, mundu faltsu batean, faltsukeria ardatz duten pertsonak dira protagonistak, eta, haien atzean, “hezur-haragizko jendearen” arazoak erakustea ahalegin egokia izan daitekeen arren, enpatizatzea zaila egiten da. Are, sinistea ere.
Maxinek ezkutatu egiten du minbizia topatu diotela, ezin du onartu bere bizitza “pausan” jartzea: “Ni ondo nago” esaten dio medikuari. Filma berri bat du aurretik, eta hori geratzea ezinezkoa iruditzen zaio.
Maxinek berak errezeloz begiratzen dio modaren munduari: “Inutila eta alferrikakoa” da bere hitzetan. Filma osoan dut buruan ideia bera: zenbat diru “inutil eta alferrikako” gastatzen den industria horretan, zenbat alferrikako amets, zenbat bidai, zenbat biolentzia, zenbat bizitza zaborretara? Zertarako, eta, pasarela batean artea egiteko soineko eta emakume esplotatuekin?
Filmak galdera bat jarri nahi du erdigunean: “Gertatzen zaigunaren erantzuleak al gara?”. Ukrainatik ihes egin duen modeloa eta minbizia topatu dioten zuzendariak egiten dute galdera hori. Iruditzen zait, testuinguru horietan, galdera bera ere ez dela zilegi. Akaso, bai, erruduntasun sentimendua, baina ezin duzu ebatzi ezinezko galdera baten atzean ezkutatu, sakontasuna bilatu asmoz.
Idazle izan nahi duen makilatzaileak ematen dio tonu interesgarriagoa pelikulari: “Bizitza guztiek ikusten dute haien gaztaroa gauaren erdian erretzen”. Horri buruz ere bada filma. Ihes egingo duten bizitzaren aurrean zer egin hausnartzeko tartea asmatzea. Horretarako balio badio norbaiti, ongietorria.