'Orwell 2+2=5'; autoritarismoaren maskara eror dadin

Perlak
Filma: Orwell 2+2=5
Zuzendaria: Raoul Peck
George Orwellen testuen fragmentuekin egindako collage brutala. Horixe litzateke filmaren lehenengo laburpena. Orwellen bizitza eta 1984 liburu famatuko pasarteak elkarlotuta, garaiaren inguruko irakurketa eskaini nahi digu Raoul Peck zuzendariak.
Nork ez duen pentsatu, inoiz, gaur egungo teknofeudalismo turbokapitalistak baduela distopia ilunenen antza gero eta handiagoa? Hizketaberriaren hamaika adibide jartzen dizkigu: Errusia, Txina, AEB, India, Israel, Bielorrusia… Zenbat gezur eta zenbat ankerkeria. XX.mende makur eta ilunari begiratuta, ezer askorik ikasi ez dugunaren sentsazioa jartzen zaigu mahai gainean. Espainiako 36ko gerraren irudiek hunkitu dute publikoa: Gazako irudi antzekoak Madrilen. Gorpuak lurrean, gorpuak errepide bazterretan. Biolentzia gupidagabe hori ikusi izan arren, zergatik jarraitzen dugu, bada, mantentzen?
Hemen dago dokumentalaren alderdi ahulena. Autoritarismoaren argazkia eskaintzen zaigu. Uste genuena irudiz, testuz eta lotura inteligentez demostratuz: munduan joera erreakzionario eta autoritarioa handitzen ari da. Mundua arrisku egoeran dago. Ordea, ez zaigu argi geratzen zergatik ari den gertatzen hori.
Eta Orwellekin gertatzen dena dago hemen: berezkoa al du gizakiak autoritarismorako joera? Berezkoa al dute estatu egiturek biolentzia indiskriminatua jendearen eta kulturaren kontra? Faxismoaren eta autoritarismoaren arrazoi ekonomiko eta ideologikoak aztertu ezean, etsipenera kondenatuak gaude. Ezin dugu biolentzia ulertu gizakiaren joera irrazional moduan –ulertzeko ezinezkoak diren egoerak mahaigaineratu arren–.
Zinema politikoaren oinarrietako bat da esperantzarako argia irekitzea, ekintzara daramana. Eta Peck saiatzen dela dirudi, baina ez dakit berak ere sinisten ote duen. Adibide jartzen du Black Lives Matter mugimendu ikaragarria. Baina hori eta gero etorri zen Trumpismo muturrekoa. Zertarako “balio” izan zuen, beraz?
Ezin zaio dena eskatu ikus-entzunezko bati. Kontzientzia zabaltzeko lagunduko al du? Niri piztu dit, bai, sumindura.
Bide batez: saiatuko gara munduko estatu autoritarioen artean kokatzen ere Espainia, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania, adibidez? Edo munduaren ordena koloniala torturaz eta genozidio bidez eraiki zuten estatuak dira orain gure eredu?