Errebote jokoa gogora ekarriko dute Zubietan

Hilaren 27an eta 28an egingo dute Zubietako Errebotearen Eguna. Eragile askoren arteko elkarlanaren bidez antolatu dute. 650 Usurbil Bizi, Zubieta Pilota Elkartea, Donostiako eta Usurbilgo udalak eta Zubietako Herri Batzarrak batu dituzte indarrak aurrera eramateko. Errebote jokoaz gozatzeko eta kirola bera hobeto ezagutzeko aukera eskaintzeko egitaraua prestatu dute.
Errebote Eguna “omenaldi bat” izango dela adierazi zuen aurkezpenean Mikel Bengoetxea Zubieta pilota elkarteko kideak. Kirolak Zubietan izan duen bilakaera gogoratu zuen: “Sustrai sakonak dituen kirola dugu, 1936ko gerrak eten bazuen ere”. Esker hitzak izan zituen, zentzu horretan, 1950eko hamarkadan, Aizpurua baserrian saski zahar batzuk aurkitu zituztenei: “Ez zituzten objektu ahaztu gisa ikusi, berreskuratu beharreko zerbaiten sinbolo gisa baizik. Haien jakin-minari eta ahaleginari esker, errebotea berriz jaio zen gure komunitatean”.
Joko Garbi elkarteak mantendu zuen errebotea bizirik urte luzez, Zubieta pilota elkarteak lekukoa hartu zion arte, eta ondare immaterial gisa aitortua izan dadin defendatu zuen Bengoetxeak: “Errebotea Zubietaren parte da: gure kaleetan dago, gure jaiegunetan, gure oroimen kolektiboan. Bizitza ulertzeko modu bat da, ahalegina, komunitatea. Guk babesten ez badugu, nork babestuko du?”.
Agintarien hitzak
Errebote Egunaren aurkezpenean Zubietako, Usurbilgo eta Donostiako alkateek parte hartu zuten. Erreboteak herria bizirik mantentzeko aukera eskaintzen duela nabarmendu zuen Jon Arroyo Zubietako alkateak, eta “nazio ikuspegia indartu” zein “nazio gisa lehiatzeko” aukera ere ematen duela: “Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak sendotuz eta mugaren bi aldeak elkartuz”. Erreboteak aurrera egiteko konpromisoa eta laguntza eskatu zizkien beste bi alkateei. Era berean, eskerrak eman zizkion Zubieta pilota elkarteari, errebotea bizirik mantentzeko egiten duten lanagatik.
Eneko Goia Donostiako alkateak, berriz, egitasmoa txalotu zuen “oso gurea den kirol bat mundura zabaltzeko” modua delako. Ildo beretik, antolatzaileek harturiko lana eskertu zuen: “Hemen elkartzen gaituen zerbait dugu, eta hori garrantzitsua da, beste gauza askoren gainetik”.
Egitaraua
Irailak 27, larunbata
- 16:30: gazteen joko garbi partida. Bukatutakoan, xextoak probatzeko eta jolasteko aukera irekia.
- 18:00: karta jokoen saioa, Dani Carballok diseinatutako pilotari buruzko kartekin.
- 19:00: afari merienda, Ane eta Alazne trikitilariek alaituta.
- 20:00: Zubietako Herri Eskolakoek erreboteari eskainitako totemaren aurkezpena.
- 21:00: Errebotea. Plaza-joko baten muina bideoaren proiekzioa.
Irailak 28, igandea
- 09:00etatik aurrera, Enrike Abri txapelketako bi partida: Zubieta 1 / Luzean, eta Zubieta 2 / Zaharrer Segi.