'Franz': Kafkaren unibertsoa, eta aitari gutun bat

Pertsonaia konplexu batera hurbiltzerakoan bi aukera dituzu: edo sobera sinplifikatu edo sobera konplikatu. Hollandek erdibideko zerbait proposatu nahi du. Bizitzako pasarte batzuengan zentratu, eta, aldi beran, superprodukzioaren baliabide zinematografikoarekin collage eta eszena surrealistak gainjarriz unibertso kontzeptual bat sortu. Kafkaren zaleentzat apur bat gutxiegi; Kafka ezagutzen ez dutenentzat, akaso, gehiegi? (Ondo asmatuak gaur egungo turismo kafkiarrera saltoak. Kafkiarraren definizio ezin hobea turismoaren kultu arraro hori).
Franzen familian zentratzen da, batez ere, filma. Aitan eta Ottla arreban. Baina kontakizuna azalekoa geratzen da, hain zuzen, badakigulako, xehetasun handiagoz, zer zen Franzek sentitzen zuena. Izan ere, 1919an, filmean agertzen ez den beste ezkontza frustratu baten ondorioz, Franzek bere aitari gutun erraldoia idatzi zion.
Max Brod lagun eta editorearen arabera, Kafkak amari eman zion gutuna, aitari helaraz ziezaion, baina honek ezkutatu omen zuen. 103 orrialde inguru zituen, 45, bertsio mekanografiatuan: “Duela gutxi galdetu zenidan zergatik dizudan horrenbeste beldur. Beti bezala, ez nuen jakin zer erantzun, alde batetik, eragiten didazun beldurragatik, eta, beste alde batetik, hori oinarritzen duten xehetasunak gehiegi direlako, hitz egiten dudanean adieraz ditzakedanak baino askoz gehiago”.
Honela, bere bizitzako xehetasun eta gogoeta ugariez gain, bere literatura ulertzeko gakoa ematen digu: “Nire idazkera zuri buruzkoa zen, zure bular gainean kexatu ezin nintzenaz kexatzen nintzen soilik hor”.
Eta hortxe agertzen zaizkigu Metamorfosia-ko Gregor Samsaz eta Prozesua-ko Joseph K. pertsonaiak. Surrealismoa muturrera eraman zuen esan ezin zirenak esan nahi zituelako. Bizitzan isildutakoak idatzi zituen. “Seme, senar eta gizon gisa porrot egin zuenez, biktima gisa triunfatu nahi zuen”, dio Brodenek: “Sufrimendua zen bere perspektiba”.
Filma ederra da, eta Kafkaren ezagutza erraldoia dago honen atzean. Pasarte gehiegi eta surrealismo gutxiegi, akaso? Edonola ere, laguntzen du ulertzen buru eta sentsibilitate erraldoi hori. Egun batean labezomorro esnatuko bazina, edo akusaziorik gabeko epaiketa luze-luzea izango bazenu nola sentituko zinateke? Eszenatokia surrealista bada ere, ezinegona bene-benetakoa baita. Eta, ia beti, gurasoen indarkeria du oinarrian.