Kapitainaren bi golekin lortu dute hirugarrena jarraian
Realeko neskek Levante azken sailkatua hartu dute mendean, Zubietan (2-1), eta sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen dute.

Txanponaren bi aldeak bizitzen ari dira zale txuri-urdinak. Batzuen ahulezia nabarmenak dira besteen bertuteak. Realeko neskek hirugarren partida jarraian irabazi zuten larunbatean, Zubietan. Levante hartu zuten mendean, espero baino gehiago sufrituta (2-1). Nerea Eizagirre kapitainak egin zituen golak, eta agerian utzi zuen, beste behin ere, taldearentzat zein garrantzitsua da. Garaipenarekin, sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen dute txuri urdinek, 10 punturekin.
Realeko mutilak, berriz, burua altxatu ezinda dabiltza. Zaleak, berriz, zeharo burumakur daude. Hirugarren porrota jarraian pairatu zuen taldeak ostiralean, Sevillako La Cartuja zelaian. Berriz ere, defentsako akats larriek kondenatu zuten taldea. Betisek merezita irabazi zuen (3-1). Dena dela, lehen zati nahiko ona jokatu zuten txuri-urdinek, gola jaso eta berdindu ondoren, Brais Mendezen bitartez. Bigarren zatia, ordea, ahazteko modukoa izan zen. Egin gabe dagoen talde bat dela erakutsi zuten. Sailkapeneko zuloan daude, orain, jaitsiera postuetan, eta etzi jokatuko dute hurrengo partida. Mallorca hartuko du Realak Anoetan, 21:30ean. Bai ala bai irabazi beharreko neurketa izango da. Bestela, ondorioak aurreikusten dira.
Belar hockeyan, Realak Terrassari irabazi zion, Zubietan jokaturiko sasoiko lehen norgehiagokan (2-1). Horrela, lehen jardunaldiko porrot mingarria atzean uztea lortu dute txuri-urdinek.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Reala 2 – Levante 1
Gizonezkoen liga, 5. jardunaldia
- Betis 3 – Reala 1
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 2. jardunaldia
- Reala 2 – Terrassa 1