'Los Domingos': zer egin Jaunak deitzen bazaitu, 17 urterekin?

Sail Ofiziala
Filma: Los Domingos
Zuzendaria: Alauda Ruiz de Azua (Barakaldo, Bizkaia)
Kasu honetan, ezin hobeto ekarria: kristoren sentsibilitatearekin grabatutako lan ederra da Los Domingos. Bilboko ikastetxe katoliko batean ikasten du Ainara gazteak (Blanca Soroaren lehen papera). Familia osoak jaso du hezkuntza katolikoa, baina ez dira bereziki fededunak. Erlijioa tradizio sozial bat da, fede bat baino gehiago, gaur egun, familia askotan. Eta, horra sorpresa. 17 urterekin, Ainarak moja sartuko dela erabaki du. Tira, erabakitzen hasi da.
Maite izebak (Patricia Lopez Arnaiz, zoragarri, betiko legez) ematen dio film osoari kontrapuntua. Berak ez du nahi Ainara mojetan sartzea, eta saiatuko da bizitza beste zerbait dela erakusten. Are gehiago: aseko ez duen bizitza batera konformatu beharko lukeela esaten dio une batean. Bizitza mingarri eta inperfektu bat da komentutik kanpo egin daitekeen promesik onena.
Aita ezin gorrotagarriago, zaporegabeago eta patetikoagoa den Iñaki Alzagak (Miguel Garces) ez du batere laguntzen. Komunikatzeko inolako gaitasunik gabe, ez da gai alaba maitatzeko ez eta babesteko ere. Bere ezinegonen esklabo, ez die arazoei aurre egiten, erabat lehertzen diren arte. Eta alabaren gaia ez da desberdina.
Alauda Ruiz de Azuak oso ondo zaintzen du horren debate konplexua. Maitek “sekta” bat direla sinistu arren, kontu handiz hurbiltzen da mojen mundu ikuskerara, eta fedearen zentzu sakonena ulertzeko saiakera egiten du. Ez da erraza, azken finean, askorentzat ez delako oso sinesgarria mojen eta apaizen sermoi hori guztia. Eta lortzen du, lortzen du enpatia izatea mojekin eta izeba ateoarekin, modu bertsuan.
Eta ez hori soilik: erakusten dizkigu bizi-bizirik dauden pertsonaiak. Dituzten beldur eta irrikak. Gaia den arren erdigunean dagoena, aitaren, izebaren, senarraren, amonaren, apaizen, lagunen bizitzak eta sentimenduak erabaki honen parte direla ikusten dugu. Eta ze argi ikusten den: denok hitz egiten dugu geure beldurretatik, beti, edo ia beti.
Baina erraldoi bat: euskal zinemaren kuoten barruan ikusiko dugu Los Domingos. Euskal Herrian grabatua, euskal aktoreekin, euskarazko esaldi bat eta euskarazko kantu bat ditu. Inoizko euskal ekoizpen gehien ditugun urtea da honakoa, izan dadila ere euskal zinema sustatzeko helburuz.
Esanak esanda: film hunkigarri, zorrotz, dibertigarri eta sakona da. Txalo zaparradek baieztatu dute: Urrezko Maskorra Euskal Herrian geratu daiteke aurten.